Larra-Aztaparreta

Informazioa/Mapa

Larra-Aztaparreta

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztien Babesgune Berezia (HBB)

Udalerriak:

Izaba

Azalera (Ha):

3.922,97

Altitudea (m):

1.100-2.442

Bioeskualdea EB:

Alpetarra

Izendapen-data:

Erreserbak 1987koak dira, eta KEB, berriz, 2011ko abendukoa

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Ukerdiko erreserba integrala (RI-2),  Aztaparretako erreserba integrala (RI-3), Larrako natura-erreserba (RN-2)

Larra-Aztaparreta

3.000 leizeko gune karstikoa

Erronkaribarko lurretan, Nafarroako Pirinioetako kaskorik garaienetara joateko ateetan, zehazki, Larra-Aztaparreta aurkituko dugu, hots, Europako gune karstikorik zabalenetakoa. Kareharrizko harkaiztiak dira, pinu beltzez zipriztindurik. Paisaiari edertasun berezia dario. Barnealdean, 3.000 leize baino gehiago, eta kilometroak eta kilometroak lurpeko galerietan nahiz erreketan, espeleologoen gozagarri.

Basoilarra Lander Goñi Irigoyen

Belagua Nafarroako ibar glaziar bakarra da, eta natur txokorik liluragarrienetako bat ezaugarri geologikoen ikuspegitik. Hemen, Larrako natura-erreserba dago, hots, kareharrizko gune ikaragarri bat, Europako gune karstikorik garrantzitsuenetakoa, nafar Pirinioetako gailurrik garaienez inguraturikoa: Hiru Erregeen Mahaia (2.242 m) eta Añelarra (2.349 m). Tontor horietatik bere ederrean ikusten dira bi mila metrotik gorako mendi nagusiak (Auñamendi, Arlas, Lapakiza de Linzola, Petrechema…)

Leku honetako paisaia harrigarria da benetan, eta bisitariaren barrena ukitu, eta arrastoa utziko dio betirako. Pinu beltzeko pinudiak sendo baino sendoago atxikitzen zaizkie gunea estaltzen duten kareharriei, harkaitz horiek baitira hemengo ezaugarri nagusia, bai eta sarrio, basoilar, eper zuri eta harrapari batzuen (arrano beltza, ugatza) aterpea ere. Hegaztiok zeruan gora igotzen dira beren hegaldi dotorea erakusteko. Larra-Aztaparreta Hegaztien Babesgune Berezia da.

Larra-Aztaparretan interes zientifiko handiko bi erreserba integral daude:  Ukerdi eta Aztaparreta. Ukerdin 322 hektarea dira; topografia gorabeheratsua zinez. Paisaia malkartsu honetan, pinu beltzen hezurdurak dira deigarri, tximistek edo berez hilda egonagatik ere, zutik dirautenak. Alderik beherenean, Aztaparreta dago, 100 hektareaz osatua, Pirinioetako azken pagadi-izeidi birjinetako bat, 2017an Gizateriaren Ondare izendatua. Gizakiak ez du sekulan ustiatu, eta habitat ukigabea da era askotako flora- eta fauna-espezieentzat. 

Hegoalderantz jo ahala, pinu gorriz, pagoz eta izeiz osaturiko oihanen ordez, larreak eta bazkaleku komunalak ikusiko ditugu, ardi, behi eta behor saldo aunitz bazkan ari diren bitartean. Inguru honetan, abeltzaintza-jarduera garrantzitsua da.

Mendizale eta eskiatzaile aunitz etortzen dira leku honetara, mendi garaiek eta elurrak erakarrita. Baina, halaber, badira aise iristeko moduko txokoak, hala nola Larra-Belaguako behatokia Belaguako mendatean, talaia bikaina baita ikuspegi zoragarriak gozatzeko.

Mendi-pinua Lander Goñi Irigoyen
Hiru Behien zerga Eduardo Blanco Mendizábal

Lur azpiko mundu bizi-bizia

Larrako kareharrian dena da zirrikitu eta arrail, eta horri esker, lur azpiko mundua bizi-bizia dago. Izan ere, milioika eta milioika urtean, ura harkaitzen artean sartu, eta lenarrak, dolinak, ibar itsuak eta sakonera handiko leizeak zizelkatu ditu. Garrantzitsuena eta ezagunena San Martin Harriko leizea da, 1.410 metroko sakonera duena, baina guztira 3.000 leize daude katalogatuta. Beraz, Larra gozamen hutsa da espeleologoentzat.

Zenbakiak txundigarriak dira. Konparaziora, hidrologia-sistemen sareak 440 km-ko garapena du, eta leize asko segurtasun-sistemaz hornituak daude. Larrako alde frantsesean (Santa Garazin,Zuberoa), gainera, La Verna izeneko barrunbe ikusgarria dago, hau da, lurpeko gela handienen artean hirugarrena, mundu osoan. Bisita gidatuak eskaintzen dira.

Argibideak

Kirola harkaitzetan Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Saxifraga aizoides Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Belaguako Aterpea Carlos Emilio Alonso Fernández
Image