Aralar Mendia

Informazioa/Mapa

Aralar Mendia

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Araitz, Arakil, Arbizu, Arruazu, Bakaiku, Betelu, Ergoiena, Etxarri-Aranatz, Irañeta, Lakuntza, Larraun, Uharte-Arakil eta Aralar Mendia.

azalera (Ha):

14.648,9

Altitudea (m):

460 - 1.427

Bioeskualdea EB:

Atlantikoa

Izendapen-data:

2014ko abendua

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Putxerriko natura-erreserba (RN-7)

Aralar Mendia

Mendi miresgarria

Aralar Mendia Nafarroa eta Gipuzkoa artean dago. Inon mitorik eta elezaharrik baldin bada, Aralarren da. Mariren bizilekua da, izadiaren jainkosaren bizitokia, alegia. Trikuharriz betea dago; beraz, aspaldi-aspalditik izan du Aralarrek izaera sinbolikoa gizakiarentzat, eta artzaintzarako baliatu du, duela milaka urtetik hona.

Yeguas en la nieve Carlos Emilio Alonso Fernández

Aralar mendia zabala da eta uren banalerroan dago. Beraz, ipar isurialdeko urak Bizkaiko golkorantz doaz, Kantaurira; hego isurialdekoak, berriz, Mediterraneora. Mendiaren erraietan kareharrizko gune handi bat dago, eta isurketa-urek erliebe bitxiak zizelkatu dituzte bai lurpean bai lur gainean, paisaia karstikoa baita, eta nonahi daude lenarrak, dolinak, leizeak eta kobazuloak.

Ur batzuek kareharrizko mendiaren barnean egiten dute bidea, baina ustekabean, azalera ateratzen dira. Ertzilla erreka, konparaziora, Aitzarratetako iturburuan sortu, eta handik puska batera, desagertu, eta haratago agertzen da berriro Larraun izenarekin. Beste ur batzuk mendi-magaletan behera jaisten dira; erreka garbiak dira, bisoi europarraren nahiz desman piriniotarrarn bizileku. Uhandre europarrak eta baso-igel jauzkariak ere zuhaitzetatik hurbileko ur garbiak dituzte gogoko, Aralarren bizi diren anfibio ugarien erakusgarri.

Zenbait lekutan, kareharria harkaitz-itxura hartuta azaleratzen da; toki ezin hobeak dira sai arreek, arrano beltzek, sai zuriek era beste hegazti harkaiztar batzuek habiak egiteko, baina Aralar, oro har, mantu berde batez jantzia dago, basoz, sasiz eta larrez osaturikoa. Zuhaitzen artean, pagadia da jaun eta jabea. Betidanik, egurra egiteko eta zura ateratzeko baliatu da; gaur egun, azken erabilera hori da nagusia. Putterriko natura-erreserbako eguzkialdeetan haginak ere ugariak dira.

Inguruko jendeak dioenez, Aralarko pagadien ospelean, leize-zulo eta erreken artean, Mari jainkosa bizi omen da, lamiek beren ile luzeak orrazten dituzte, eta zazpi buruko herensugea dago gordea. Ugariak, beraz, ipuinak, mitoak, elezaharrak. Denen artean, bat da bereizgarria, Goñiko zaldunarena. Teodosiok San Migel goiaingeruari laguntza eskatu behar izan zion herensugea hiltzeko. Aingeruaren omenez, Nafarroako santutegirik ezagunenetako bat eraiki zen, Sakana guztia oinetan dagoela.

Aralarko belardietan, artzaintza historiaurrekoa da. Izan ere, Iberiar penintsulako megalito multzorik interesgarrienetako bat dago. Nafarroako aldean, adibidez, zenbat eta 44 trikuharri eta iruinarri bat aurkitu baitira, alajaina! Iruinarria Errolan harria da, hau da, antza denez Karlomagnoren ilobak botatako harria, alegia. Gaur egun, oraindik ere behiak eta ardi latxak ikusten dira bazkan Aralarko bazkalekuetan, eta ardi esnearekin gazta-ekoizpen garrantzitsua dago, Idiazabal izenburupean (gazta batzuk ekologikoak, gainera). Halaber, nabarmena da Nafarroako Aratxea eta Bildotsa. Ez gara pottokaz ahaztuko, bertako zaldi-arraza baita, milaka urtean gure mendietara ederki egokitutakoa; egiazko fosil bizidun bat da eta, gaur egun, galzorian dago.

Sotobosque Carlos Emilio Alonso Fernández
Día del pastor. Uharte Arakil Eduardo Blanco Mendizábal

Aralar leku garrantzitsua da anfibioentzat, Penintsula osoa kontuan hartuta, bereziki garrantzitsuak baitira baso-igel jauzkariaren eta uhandre piriniotarraren populazioak. Gaur egun, hainbat neurri hartu dira bi espezie horien kontserbazioa ziurtatzeko: adibidez, populazioen jarraipena egiten da aldizka, eta behar bezalako hezeguneak bermatzen dira.

Aralarren, beraz, artzainak, azienda, eta, jakina, jende ugari, mendigoizale eta ibiltarien leku gogokoenetako bat baita egun pasa joateko. Esan daiteke, Pirinioekin batera, Aralar dela Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako mendirik ezagunena, maiteena. Nonahi baitira bidexkak gora eta behera ttipi-ttapa ibiltzeko. Onena da Lekunberriko Turismo Bulegora jotzea bideei buruzko argibideak jasotzeko. Guk bi ibilbide hauek nabarmenduko ditugu:

  • Lur azalean, GR 20 "Aralarko Izulia",  hots, 120 kilometroko ibilbidea, Aralar inguruz inguru zazpi etapatan egiteko.
  • Lur barnean. Kobazulo eder bat: Mendukilo

Argibideak

Tritón alpino Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Lilium martagon Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Prados ganaderos Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Latxa caranegra Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Hayedo Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Lución (Anguis fragilis) Eduardo Blanco Mendizábal
Image