Aragon ibaiaren erdiko tartea

Informazioa/Mapa

Aragon ibaiaren erdiko tartea

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Kaparretako Hegaztien Babesgune Berezia (HBB).

Udalerriak:

Oibar, Zarrakaztelu, Kaseda, Galipentzu, Xabier, Ledea, Murillo el Fruto, Zangoza, Uxue eta Esa.

Azalera (Ha):

2.699,75

Altitudea (m):

395 - 733

Bioeskualdea EB:

Mediterraneoa

Izendapen-data:

HHB 1996ko abendua; KEB 2016ko iraila

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Kaparretako natura-erreserba (RN-26); Campo Allendeko ibarbasoa lekune naturala (EN-5)

Aragon ibaiaren erdiko tartea

Europako apoarmatuaren lurretan

Aragoi ibaiaren erdiko tartean paisaia mediterraneoak dira nagusi. Izan ere, Galipentzuko eta Uxueko mendiak abaritzez, ezkaiz eta barnealdeko artez daude jantzita, eta ibaira amiltzen diren erreka-bazterretan makalak eta zurzuriak hazten dira.  Baina leku honetako egiazko altxorra narrasti bat da, gustura bizi baita ibaiko ur garbietan. Apoarmatu istilzalea da. Dortoka-espezie honek orban horiak ditu buruan, hanketan eta isatsean, eta oskola, berriz, biribila eta laua da.

Catananche caerulea GN & BIO.GAN-NIK

Nafarroan, Aragoi ibaia Esako urtegirik abiatu eta Zangozarantz doa. Han, sigi-saga dabilen Onsella ibaiko urak bildu ondoren, Zarrakaztelurako bidea hartzen du. Ibilbide guztian, landaretza mediterraneoak mendiak eta ibaiertzak tindatzen ditu. Hala Zangoza aldean nola Galipentzuko nahiz Uxueko mendietan, paisaiak artez, abaritzez, ezkaiz, otaberaz eta erkametzez blaiturik daude, bai eta alorrez eta bazkalekuz osaturiko mosaiko ederrez ere, guztiak ere intereseko habitatak. Galipentzutik hurbil, harrigarri zaigu inguruneko paisaiaren aldaketa. Izan ere, sastraka mediterraneoari Kaparretako natura-erreserbako harkaizti izugarriak erantsi behar zaizkio. Hortxe daude hormak zut, begietarako ikusgarri. Gainera, opari ederra dira ornitologia zaleentzat, zeren, Kaparreta bera eta Galipentzuko nahiz Uxueko mendiak harkaiztietako hegazti komunitate garrantzitsu baten bizi-eremua eta hazkuntza tokia baitira. Besteak beste, galzorian dagoen Bonelli arranoa edo aztore-arranoa dabil, bai eta belatz handia ere, harkaitzak ere ugalketarako erabiltzen dituena. Kobazuloetako saguzarrak, ordea, ez ditugu hain erraz ikusiko (saguzar handia, txikia eta ferra-saguzarra). Galipentzuko kobazuloan babesten dira. Halaber, badira zuhaitz-saguzarrak, hala nola gau-saguzar ertaina.

Ibaiko habitatak ere interesgarriak dira. Erreka eta erreka-bazterretan badira makalak, zurzuriak, sahatsak eta hainbat ihi mota. Animaliak, berriz, ibaian eta ibaiertzetan ibiltzen dira. Apoarmatu istilzalea biztanlerik ospetsuenetako bat da. Dortoka-espezie hori galzorian dago, eta beste dortokek ez bezala, orban horiak ditu buruan, hanketan eta isatsean; oskol biribil eta laua du, eta Uxueko Lakumulatu eta Zapaiz erreketan bizi da. Apoarmatu istilzalearekin batera, beste animalia batzuk ere ari dira Aragoi ibaian eta ibaiadarretan bizitzeko ahaleginean, hala nola bisoi europarra, igaraba paleartikoa eta bi arrain mota berezi: loina eta mazkar arantzaduna. Bestalde, ibaiko muskuiluak leku nabarmena dauka inguru honetan.

Apoarmatu istizale Eduardo Blanco Mendizábal
GN & BIO.GAN-NIK

Aragoi ibaiaren erdiko tarteko paisaian gabiltzanez, zerbait ere erran beharko dugu alorrez: hots, goiko tartean lehorreko zerealak dira nagusi, eta uretan beheiti, berriz, alor ureztatuak eta ibai ondoko baratzeak. Esako urtegia da Aragoi ibaiaren arroa nekazaritzarako erregulatzeaz arduratzen den azpiegitura hidrauliko nagusia. Era berean, Itoizko urtegia ur hornikuntzarako erabiltzen da, bai eta alor gehiago ureztatzeko eta ureztaketa hobetzeko ere. 

Lythrum salicaria GN & BIO.GAN-NIK
Image
A. Cutiller
Image
Uxueko troska GN & BIO.GAN-NIK
Image
Salix neotricha ibarbasoa, Zangoza GN & BIO.GAN-NIK
Image