Ugarrako Mendilerroa

Informazioa/Mapa

Ugarrako Mendilerroa

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Nabaskoze, Erromantzatua eta Urraulgoiti

Azalera (Ha):

5.087,4

Altitudea (m):

495 - 905

Bioeskualdea EB:

Mediterraneoa

Izendapen-data:

2017ko maiatza

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Ugarrongo Arroilako lekune naturala babesteko periferia-eremua (EN-2)

Ugarrako Mendilerroa

Zeru zabalean hegan

Ezkaiak, otaberak eta belaiak dira nagusi Ugarrako Mendilerroan. Mendi ertaineko irudi mediterraneo horren osagarri, badira harkaizti txikiak, oihana, idoiak eta zereal-alorrak. Hurbileko mendi-zintzurretan edo oihanean habia egiten duten hegaztiak hegan dabiltza hemengo zeru zabalean. Azienda, berriz, ederki bazkatzen da bazkalekuetan.

Alcaudón meridional Lander Goñi Irigoyen

Nafarroako ipar-ekialdean, Areta ibaiaren eta Belorizko iraganbideko erreka-zuloaren artean, Ugarra Mendilerroko Kontserbazio Bereziko Eremua dago, Urraulgoitiko, Nabaskozeko eta Erromantzatuko dermioetan. Mendi biribilduak eta altuera ertainekoak dira, oro har, hau da, 550 eta 850 metro artekoak, Idokorri izan ezik, naturgunearen hego-ekialdean dagoen mendi horretako kaskoak 1.000 metrotik gorakoak baitira.

Mendilerro honen inguruko ibaiek hainbat mendi-zintzur zizelkatu dituzte: Arbaiun, Aizpurgi, Benasa, Irunberri eta Ugarron, hain zuzen ere. Haietan habia egiten dute ugatzek, sai arreek, sai zuriek, hotz handiek eta belatxinga mokogorriek. Hegaztiok Ugarra Mendilerroko bazter zabaletan dute bizi-eremua, eta hango belaietan elikatzen dira, bai eta Napariko bazkatokian ere. Zuhaitzik gabeko lurrok eta zereal-alorrak ere oso gogoko dituzte mirotz zuriek, landa-txirtek, pirripioek eta etze-txinboek.
 

Mendez mendeko artzaintzaren eraginez, aspaldiko oihanen ordez bazkalekuak eta sasitzak ditugu Ugarran, azaleraren erdia baino gehiago hartzen baitute. Sasien artean, ugariak dira ipuruak, elorriak, eta batez ere, otaberak eta ezkaiak. Halaber, arruntak ez diren zuhaixkak hazten dira, hala nola otea; sendabelar hori gauza aunitzetarako erabiltzen da. Lilipen kolore ikusgarriek eta makina bat orkidea motak larre mediterraneoak apaintzen dituzte; haien artean, Orchis pallens orkidea hazten da. Belaietan rasa arrazako ardiak, behi gorriak eta behorrak bazkatzen dira. Zaldi-aziendan, hemengo bi arraza dira nagusi: Auritz eta Nafarroako Zaldikoa.

Inguru zuhaiztuaren azalera ez da horren handia, baina eginkizun garrantzitsua betetzen du Ugarrako Mendilerroan, miru gorri eta beltzen, arrano txikien, arrano sugezaleen eta zata arrunten bizilekua baita, zuhaitzetako adaburuetan egiten baitute habia. Ugarra, gainera, Irunberri, Arbaiun, Benasa eta Ugarrongo arroilen artean dagoenez, bizi-eremu eta elikadura toki garrantzitsua da mendi-zintzur horietan habia egin eta atseden hartzen duten harrapari guztiendako. Hegoaldean, barnealdeko artadiak dira nagusi, eta iparraldean, pinu gorriak. Halaber, badira interes handiko erkametzak eta haritz ilaunduneko hariztiak, eskualde euro-siberiarrekoak berezkoak direnak, baita pagadi orbanen bat ere Idokorri mendiaren iparraldeko hegalean.

Juniperus oxycedrus GN & BIO.GAN-NIK
Sierra de Ugarra GN & BIO.GAN-NIK

Ugarran ere badira errekak, baina ez urte osoan, eta guztiek Areta eta Zaraitzu ibaietan isurtzen dituzte urak. Erreka-zulo eta erreka horietan, hemengo karramarro mehatxatua bizi da, bai eta Coenagrion mercuriale sorgin-orratza ere, hots, burruntzi urdinxka, oso bakana. Erreka bazterretan eta ibar zoletan zumarrak, lizarrak eta sahatsak hazten dira. Halaber, inguru heze batzuk badira, hala nola ihitokiak eta idoi barreiatuak; hezegune horiek funtsekoak dira apoarmatu istilzalearentzat, uhandre marmolairearentzat eta zuhaitz-igel arruntarentzat.  

Aise igoko gara inguru honetako tontorretara, handik Pirinioetako gailurrak, Ugarrongo Arroila izeneko lekune naturala, eta Andia eta Aralar mendiak ikusteko, baita Moncayo ere. Ugarrako zelaian San Esteban ermita erromanikoa dago, Zaraitzuarren Ardibidean kokatua. Aurretik, gure arbasoak ere bazterrotan ibili ziren, inguruko megalitoek ederki erakusten duten bezala.

Argibideak

Coscoja (Quercus coccifera) GN & BIO.GAN-NIK
Image
Ranita de San Antonio Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Linun narbonense GN & BIO.GAN-NIK
Image
Tritón jaspeado Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Sierra de Ugarra GN & BIO.GAN-NIK
Image