Estellerriko Erriberako igeltsuak

Informazioa/Mapa

Estellerriko Erriberako igeltsuak

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Andosilla, Arroitz, Carcar, Deikaztelu, El Busto, Faltzes, Elizagorria, Lerin, Lodosa, Los Arcos, Mendabia, Miranda Arga, Azkoien, Sansol, Sartaguda, Sesma

Azalera (Ha):

19.081,54

Altitudea (m):

335 - 628

Bioeskualdea EB:

Mediterraneoa

Izendapen-data:

2017ko iraila

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Leringo Pinudiak lekune naturala (EN-3)

Estellerriko Erriberako igeltsuak

Estepa mediterraneoa


Nafarroako hego-mendebaldean, Ebroren sakonunean, haizeak ezkai- eta erromero-urrina dakar; almendrondoa loretan da, eta ziertzoa esaten zaion ipar haizeak gari, garagar eta espartzu-sailak kulunkatzen ditu. Ardiek –lehenago, ugariak, benetan– bazkak eta sasiak jaten dituzte. Basoiloek eta basoilo txikiek zereal-alorretan ezkutaturik hazten dituzte kumeak. Hitz batez, estepa mediterraneo peto-petoa.

Ezkaia Eduardo Blanco Mendizábal

Estellerriko Erriberako lur idorrak ikusita, eta gaur egun sinestezina bada ere, inguru hau itsas arro batean sarturik egon zen Paleozoikoan. Gero, hura aintzira gazi bat izan zen, Mediterraneoraino bidea ireki zuena eta Miozenoaren akaberan husten hasi zena. Mineralak metatu eta ura lurruntzearen ondorioz, lur gaziak eta igeltsuak sortu ziren, eta lur horietan berezko eta askotariko landareak hazten dira.

Ondoren, giza jarduerak leku hau modelatu eta biodibertsitatea mantentzen lagundu du. Lurraldea zeharkatzen duten hiru errege-abelbideek eta beste abelbide batzuek salatzen duten bezala, aziendak garrantzi handia izan zuen iraganean (batez ere, bazkalekuetan elikatutako ardiak), baina gaur egun gainbehera heldu da oso nabarmen. Joan den mendearen erditsura arte, inguru honetan mahastiak, olibondoak eta almendrondoak landatu, eta zereala erein zen, laboreak txandakatuta. Egun, oraindik ere, lehorreko nekazaritza naturgune babestuaren erdia baino gehiago da. Sartagudan eta Andosillan, adibidez, mahasti-azalera nabarmenak daude Errioxako Jatorrizko Deituran sartuta, baina lehorreko nekazaritza-labore gehiena zereala da  (% 90); garagarra, batez ere.

Duela zenbait hamarkada lursailak berrantolatu ziren; horren ondorioz, eta halaber, nekazaritza-jarduera intentsiboen eraginez, alorren arteko ezponda eta lur etze batzuk galdu dira, bai eta hezegune txiki eta lugorri batzuk ere, eta horiek orok funtsezko eginkizuna betetzen zuten estepako hegaztien eta beste espezie batzuen kontserbazioan.

Estepako bizitza

Hemengo lurzoruak gaziak dira eta igeltsuz osaturik daude. Uda partean, gainera, lehortea dago. Horren ondorioz, Estellerriko Erribera Nafarroako estepa-ekosistemarik adierazgarrienetako bat da.  Igeltsuen gainean, paisaiaren inguru garaietan, erromeroa eta ezkaia hazten dira, likenekin batera. Inguru apaletan eta sakan zoletan, berriz, isurketa-urak disolbatutako gatzak metatzen diren lekuetan, ihiak eta espartzua, eta Nafarroako beiraki-belarreko sastrakadien azalerarik handienak daude, hala nola Sesmako eta Elizagorriko gatz-lautadak. Milazka ere sakan nagusietan ageri da, eta batez ere Elizagorriko Odron eta Linares ibaietan nabarmentzen da.

Basoilo txikia Eduardo Blanco Mendizábal
Amapolak Lander Goñi Irigoyen

Naturgunearen ekialdeko muturrean, margen eta kareharrien gainean, abaritz-basoak eta karraskadi hondarrak daude, eta tokiren batean, Aleppo pinuko zenbait pinudi, hala nola Leringo Pinudietako lekune naturala. Halaber, belar-landare bitxi eta bakanak hazten dira, batzuk berezkoak dira lur gazietan, hala nola Limonium ruizzi espeziea; lorea morea du, eta hostoa, itsaskorra. Beste batzuk, berriz, bazken eta sasien artean hazten dira; lilipa zuriak eta azafrai horia, adibidez.

Estellerriko Erriberan estepako hegazti askotarikoak bizi dira. Haien artean, Nafarroako basoilo eta basoilo txikien populazio nagusiak, ohi denezi lehorreko zerealetan babestu eta elikatu baitira. Gainera, leku batzuk habitat interesgarriak dira beste espezie batzuentzat. Horrela, igeltsuz osaturiko malkarretan, sai arreak, sai zuriak, belatz handiak eta harkaiztietako beste hegazti batzuk bizi dira. Beste batzuk, berriz, sakan eta hezegune gazietan, hala nola igarabak, bisoi europarrak eta mendebaldeko ur-arratoiak.

Eper gorria Lander Goñi Irigoyen
Image
Espartzudia (Lygeum spartum) Eduardo Blanco Mendizábal
Image
GN & BIO.GAN-NIK
Image
Basoiloa hegan Lander Goñi Irigoyen
Image