Bidasoa Ibaia

Informazioa/Mapa

Bidasoa Ibaia

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Arantza, Baztan, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Etxalar, Igantzi, Beintza-Labaien, Lesaka, Oitz, Sunbilla eta Urrotz

Azalera (Ha):

387,04

Altitudea (m):

95 - 135

BiBioeskualdea EB:

Atlantikoa

Izendapen-data:

2014ko uztaila

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Sanjuanxarreko natura-erreserba (RN-3)

Bidasoa Ibaia

Izokinetan lehena eta bakarra

Ipar muturrean, Nafarroako alderik hezeenean, aitzina doa Bidasoa ibaia haltzadien eta sahastien artean itsasoaren bila, Kantauri hurbil baitago. Hain zuzen ere, itsasoa hurbil egoteari esker, izokinek, kolakek eta lanproiek ibaian goiti egiten dute, Nafarroako gainerako ibaietan ez bezala. Arrantzaleek gogoko dute Bidasoa, eta Lehenbizikoaren bila aritzen dira lehian, denboraldiko lehen izokina nork harrapatuko. 

Izokina Eduardo Blanco Mendizábal

Urak Kantaurira isurtzen dituzten Iberiar Penintsulako ibaien artean ekialdekoena da Bidasoa. Laburra, azkarra eta emaritsua, Erratzutik hurbil sortu, eta Oronoz Mugairiraino Baztan ibaia erraten zaio. Ibilian, hainbat erreka eta ibaiadar lotzen zaizkio, eta behin Endarlatsara iritsita, hau da, Gipuzkoako muga jotzen duenean, aitzina egiten du harik eta Kantaurin itsasoratzen den arte.

Bidasoak ondo-ondoan ditu ia bere ibilbide osoan N-121 errepidea eta Bidasoko trenbide zaharra (gaur egun, bide berdea dena), baina hala ere, bi ertzetan oparo hazten da landaretza, eta hantxe, era askotako landareak eta animaliak bizi dira. Izan ere, ibaiertzeko landaretzaren biodibertsitatea handia eta arras garrantzitsua da; zuhaitz gehienak haltzak eta sahatsak izanagatik ere, oihan bat ez dago ibaiertzeko landaretzari lotua: Sanjuanxarreko natura-erreserba, Igantzin. Iberiar Penintsulako xarma-baso bakarrenetako bat hazten da hemen; hortaz landara, kobazulo bat da gurtza tokia aspaldi-aspalditik, eta betidaniko sinesmenaren arabera, bertako urek larruazala sendatzen dute. 

Bidasoa ibaiaren inguruko ingurune hezea onuragarria zaie mehatxupeko landare berezi batzuei, hala nola iratze klase batzuei eta Carex strigosa izeneko landareari; arras bakana da Nafarroan, eta Bertizko Jaurerria Parke Naturalean ere hazten da. Baina nekez mintzatuko gara Bidasoa aldeko floraz “ur-dilistak” aipatu gabe; ur geldietako hainbat zatitan ageri dira ur gainean, den-dena kolore berdez tindatuta. 

Gatz zaporeko arrainak

Bidasoa espezie anadromoen babesleku gogokoena da; erran nahi baita, arrain horiek ur gezatan ugaldu baina itsasoan garatzen dira. Bidasoan aise mugitzen dira kolakak, lanproiak eta izokinak. Jakina, azken horiek arrantzaleen altxorrik preziatuena dira, eta urtero, lehian aritzen dira nork harrapatuko ote duen “Lehenbizikoa”, hau da, denboraldiko lehen izokina. Aingira katadromoa ere aipatu behar da, itsasoan ugaltzen den ibaiko arraina, alegia; eta burtaina arrain txikia, ezkatarik gabea, Bidasoa aldeko erreketan bizi dena.

Bidasoa Ibaia Lander Goñi Irigoyen
Txantxikua Eduardo Blanco Mendizábal

Era berean, Bidasoan interes handiko animalia-espezieak bizi dira, hala nola ugaztunak, hau da, bisoi europarra, igaraba edota desman piriniotarra; ornogabeak, hala nola Oxygastra curtisii burruntzia, hementxe soilik bizi dena; eta anfibioak, hots, uhandre palmatua eta txantxikua.

Oihana nagusi den arro batean kokatua, hostozabalen basoak dira aipatzekoak, baita koniferoen eta haritz amerikarraren sailak ere. Bidasoan tradizio hidrauliko handia dago. Jada XV. mendean burdinolak ugaritu ziren, burdina lantzeko eta nekazaritza-tresnak, lanabesak eta armak egiteko. Gaur egun, zortzi zentral edo minizentral daude, guztiak ere industriarako erabiliak. Oihanen arteko baserrietan ardi- eta behi-azienda gobernatzen dute, beren baratze txikiak dituzte etxerako eta, azken urteotan, klima gozoak sustaturik, kiwi sail batzuk agertu dira.

Inguru lasaia, izadiaren ederraz jantzia, toki ezin hobea arrantzarako eta natura gozatzeko (oinez, BTTz edo ibaian berean piraguaz). Bi ibilbide balizatu daude: horietako batek Sanjuanxarreko natura-erreserba zeharkatzen du, eta bestea, berriz, Bidasoko Bide Berdea da, Bidasoko trenbide zaharraren edo “Tren Txikiaren” bidea egiten duena.

A. Cutiller
Image
Bidasoa ibaia GN & BIO.GAN-NIK
Image
A. Cutiller
Image