Belate

Informazioa/Mapa

Belate

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Anue, Basaburua, Baztan, Bertizarana, Donamaria, Eratsun, Esteribar, Ezkurra, Beintza-Labaien, Lantz, Oitz, Saldias, Ultzama eta Urrotz

Azalera (Ha):

26.067,44

Altitudea (m):

180 - 1.418

Bioeskualdea EB:

Atlantikoa

Izendapen-data:

2014

Naturguneak babesteko beste figura batzu:

Lanzko Basajaun Etxea kobazuloaren natura-erreserba (RN-5); Leurtzako urtegietako aisiarako natur eremua (ARN-2)

Belate

Lur azpiko entziklopedia naturala

Belate eragin atlantikoen eta mediterraneoen elkargunea da. Hori dela eta, balio ekologiko eta historiko handiko habitat eta espezieak daude, eta denetan bitxienak eta ezkutatuenak, zohikaztegiak dira, hau da, duela milaka eta milaka urte sortutako hezegune bereziak, arras informazio baliosa gordetzen baitute iragan garaietako paisaiaz eta klimaz.

Jacintos en hayedo Lander Goñi Irigoyen

Hegazti migratzaile aunitzen pasabidea da Belate, oihan atlantiko hezeak Pirinioetako kaskoekin lotzen dituen mendikatea baita, eta aldi berean, uren banalerroa. Izan ere, ur batzuk Kantaurin itsasoratzen dira, eta gainerakoek, berriz, bide luzea egiten dute Mediterraneora iritsi bitartean. 

Bidexka-sare batek barneratuko gaitu mendi bazter eder hauetan. Nonahi ikusiko ditugu hariztiak eta pagadiak, aziendarendako bazkaleku ezin hobeak eta antzinako gaztainadiak, Nafarroako gaztaina-populaziorik onenetako bat hazten baita hemen.  Zuhaitz mota horiek silize ugariko lurzoru fresko eta emankorretan sustraiturik daude. Plazer hutsa da zentzumen guztientzat zuhaitzen artean ibiltzea. Ederki ikasiko dugu, gainera, ehun urtetik gorako enborrak aterpe ezin hobeak direla espezie sorta zabal batentzat; besteak beste, intsektuentzat, deskonposatzen ari den zuraz elikatzen baitira. Horietako bat arkanbelea da. Zur hila ere alpetar adarluzea (Rosalia alpina) espeziearen elikagai gogokoena da; hots, Europako koleopterotik ederrenetako bat da, urdin grisaxka eta orban beltza. Kolore horri esker, ederki kamuflatzen da pago-azalean mugitzeko, hori bere habitat bereizgarria baita.

Naturgune honetan gabiltzala, harat-honat behiak eta ardiak ikusiko ditugu bazkan, zintzarri-hotsak kilinki kalanka entzuten ditugula. Bazkaleku gehienak herri-lurrak dira (komunalak), eta kudeaketa azienda-jabeen kontura dago. Denboraren joanean, auzokideek gogor lan egin behar izan dute Belate alde honetan dauden natur baliabideen erabilera tradizional eta jasangarriaren alde.

Hegaztiek ere ederki dakite zer-nolako aberastasuna dagoen alde honetan. Adibidez, hemengo oihan hostotsuetan okil gibelnabarra bizi da. Galzorian dago eta erran daiteke Nafarroan baizik ez dela bizi.

Belate, gainera, leku ezin hobeagoan dago hegazti migratzaileen hegaldiak ikusi eta miresteko. Pirinioetako pasabideetako bat denez, milaka hegaztik zeharkatzen dute Belateko zeru gaina. Jakina, hegaztien arrimuan, ehiztariak erruz dabiltza, inguru honetan bederatzi ehiza-barruti baitaude. Saguzarrak ere ugari dabiltza hemengo mendi-lepoetan; eta gutxienez, 18 espezie zenbatu dira migrazio-garaian

Lurzoru lohitsuak itxuraz, harrigarriak benetan

Belateko harribitxietako bat zohikaztegia da; zohikatza dagoen tokia, alegia. Hobekien kontserbatuetako bat Nafarroan, bidenabar esanda. Hesi batek inguraturik, zingira gisako baten itxura du, goroldioz eta landarez estalia. Milaka urte ditu, hainbat metrotako lodiera; barnean gordeta dauden landare-hondarrek azken glaziazioaren garaiko paisaia eta klima nolakoa zen jakiteko bidea ematen digute. 

Guztiz lehentasunezkoa da zohikaztegia kontserbatzea, pare bat arrazoi direla medio: batetik, ur kantitate handia xurgatzen du; beraz, erauntsien inpaktua murrizten du; eta bestetik, karbono-hustuleku izugarria da; hortaz, funtsezkoa da klima-aldaketa moteltzeko. Sarbide bat dauka bertaraino iristeko. 

Ekosistema guztietan bezala, landareak zohikaztegien oinarria dira, eta hemengo nagusiak, goroldioak dira. Beste espezie batzuk ere hazten dira, hala nola Drosera sp espeziea. Faunari dagokionez, denetariko intsektuak eta anfibioak bizi dira, hala nola uhandre palmatua, baso-igel gorria eta apo arrunta.

Rosalia alpina GN & BIO.GAN-NIK
Hayedo en invierno Lander Goñi Irigoyen

Belate, pasabide: gerlariak, bidaiariak, erromesak…

Natur baliabide baliosez gain, Belate pasabide garrantzitsua izan da mendez mende, antzinarotik hona. Armadak, bidaiariak eta milaka erromes ibili dira Baztan eta Iruñerriaren arteko mendate honetan barna, hau ere Santiagora joateko erromesbidea baita. Puskaz lehenago, erromatarrek galtzada bat eginarazi zuten hemen, eta gaur egun haren arrastoak ditugu. Horrez gain, iruinarri eta harrespil andana bat iritsi zaigu historiaurretik, eta ezin aipatu gabe utzi inguru honetan dagoen monumentu multzoa, hots, Andrea Maria Belatekoaren ermita eta Urdazubi-Baztan Donejakue bideko erromes aterpetxe zaharra. Hamaika bidexka daude leku horiek guztiak ikusteko, denak seinaleztaturik.

Natura Sareko gune honetan, gainera, Basajaun Etxea dago, hau da, Aierdi mendiko kobazulo bat, Lantzen, Natur Erreserba gisa katalogatua. Kobazuloak estalaktita bereziak ditu, eta morfologia mota askotako aragonito-kristaltzeak; kolore urdinxkak eta berdexka ederrak dira. Azterlan sakonik egin ez bada ere, troglobio-populazio nabarmena bizi da, hau da, lurpeko ingurune batean soilik bizi diren animaliak. Kobazuloaren sarrera itxita dago, xede zientifikoetarako ez bada.

Inguru honetan gabiltzala, Leurtzako Urtegietako Natur eta Aisia Eremua ikustera joan gaitezke, leku hurbila eta erakargarria baita.

Argibideak

  • Prentsa-oharra, 2014-11-5: Gobernuak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu du "Belate” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua. 
Rebaño en la niebla Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Eratsun a los pies de Belate Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Anemone nemorosa GN & BIO.GAN-NIK
Image
Paisaje nival Carlos Emilio Alonso Fernández
Image