Ebro Ibaia

Informazioa/Mapa

Ebro Ibaia

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Arguedas, Buñuel, Cabanillas, Castejon, Cortes, Fontellas, Fustiñana, Ribaforada, Tutera, Valtierra eta Errege Bardea

Azalera (Ha):

2.120,37

Altitudea (m):

227 - 264

Bioeskualdea EB:

Mediterraneoa

Izendapen-data:

Erreserbak eta Lekuneak hainbat datatan 1987tik aitzina, eta HHB, berriz, 2006ko uztailaz geroztik.

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Soto del Ramalete natura-erreserba (RN-32); Soto de la Remonta natura-erreserba (RN-33); Sotos del Quebrado, el Ramillo eta Mejana natura-erreserbak (RN-38); Sotos de Murillo de las Limas lekune naturala (EN-10); Sotos de Traslapuente lekune naturala (EN-11); Soto de la Mejana de Santa Isabel lekune naturala (EN-12); Soto Alto lekune naturala (EN-24); Soto Giraldelli lekune naturala (EN-25); Soto de Mora lekune naturala (EN-26); Soto de los Tetones lekune naturala (EN-28)

Ebro Ibaia

Ibarbasoen itzalpean

Ura nagi eta geldo isurtzen da Ebro ibaiaren azken tarte nafarrean, nekazaritzari eskainitako lur lauen artean. Ibaia bera eta ibaiertzeko ibarbasoak bizi-emaileak dira Nafarroako hegoaldean. Horri esker, ezin konta ahala animalia bizi dira zoko-moko hauetan, hala nola hegazti urtarrak, dortokak, naiadeak edota tximeletak. Horrez gain, ur preziatua oparo iristen da Erriberako baratze emankorretara.

Ilunabarra Ebron Eduardo Blanco Mendizábal

Ebrori ur ekarpen baliosa egiten diote Ega eta Aragoi ibaiek. Horrela, Nafarroako Erriberan sartzen denean, Ebrok 230 m3/s-ko emaria dakar bana beste urtean. Ibai zabal-zabala da –200 metroko zabalerakoa zenbait tokitan–, eta neguan, uhaldi bat edo hainbat izaten ditu, Pirinioetako elurrak urtzen direnean edota Ebro Garaiko nahiz Nafarroako iparraldeko euri handiek eraginda. Castejonetik behera, ibaiak meandro asko egin ditu (batzuk abandonatuak), bai eta bigarren mailako ibilgu batzuk ere. Gainera, bi ubide elikatzen ditu: Taustekoa eta Aragoiko Kanal Inperiala.

Naturguneak 45 kilometro ditu, hau da, Castejonen autopistan dagoen zubitik Nafarroaren eta Aragoiren arteko mugara bitarteko eremua, Cortesko dermioan. Baina ibaia bera ez ezik, ibaiertzak eta ibarbasoak (sotoak) ere babespean daude, bai eta Tausteko Ubidea, Valdelafuente eta Las Limas ibaiadarrak, eta Tamarizko aintzirak, Ebro ibaiaren sistemarekin lotuta daudenak. Urez beteriko paradisu ederra da landare eta animaliendako, Nafarroako hegoaldeko lur idorretan. Bere garrantzi ekologiko handiaren erakusgarri, naturguneak bere baitan hartzen ditu lau natura-erreserba, zazpi lekune natural eta bi zuhaitz monumental.

Besteak beste, badira gune babestu horiei lotutako meandroak eta bigarren mailako besoak, hala nola Soto Alto, Sotos de Murillo Las Limas, Soto de Vergara eta Soto de Ramalete. Naturaltasun handiko eremu horietan, ibilgu nagusikoez bestelako landare eta animaliak bizi dira. Gainera, uholdeak baretzeko eremu egokiak izaten dira, eta hurbileko alor ureztatuetatik heldu diren uren iragazki berdea ere bai.

Jantzi berdea

Ebroren ibilguak halako jantzi koloretsu bat jantzia darama ia bere tarte osoan, ibaiertzeko landaretza zabala baita. Tuteratik hegoaldera, ordea, meharragoa da, eta kalitatez txarragoa, hein batean nekazaritza-alorrak babesteko lubetak eraiki direlako. Uretatik hurbileneko lur-zerrendan, hau da, uholdeek urpean uzten duten hartan, ugari dira sahastiak. Ondo-ondoan, hau da, urak noizbehinka hartzen dituen lurretan, zurzuriz eta sahatsez osaturiko ibarbasoak hazten dira. Ibar zolako landetan –uholdea nekez iristen den baina lurzorua fresko eta hezea den lekuetan–, makal-sailak daude. Eta uretatik urrutieneko tokietan, berriz, milazkek osaturiko zuhaiztiak daude.

Zuhaitzek eta zuhaixkek osaturiko “zerrenda berde” horiekin batera, Ebro ibaiaren ingurunean ere badira bestelako landare arras interesgarriak. Adibidez, ibaian berean, urlasterrean kulunkatzen dira “filigrana” eta “bejuquillo” izeneko landareen zurtoinak. Ur geldietan, meandro abandonatuetan eta bigarren mailako ibilguetan, Nafarroako ibai-kanaberadirik onenak hazten dira. Eta ibaiertzeko hondartzetan edo legarrezko irletan, bazkaleku gaziek eta sosa-sasiek ederki salatzen digute Ebroren ibarbaso hauen gazitasun maila handiagoa, Nafarroako beste ibarbaso batzuekin alderatuta. 

Makaldia Eduardo Blanco Mendizábal

Ibaia bera eta haren jantzi berdea korridore ekologiko handia dira faunarentzat; hau da, bizibide eta bizi-emaile dira. Izan ere, hantxe bizi dira bertako dortoka (apoarmatu istilzalea), igaraba eta bisoi europarra, eta bertan ere kumeak hazi eta jana aurkitzen dute. Gauza bera erran behar da hegaztiei dagokienez: basahateak, txori zezenak, kopetazuriak, txilinportak eta uretako beste hegazti batzuk. Hegazti migratzaileak Ebro ondoko ibarbasoetan gelditzen dira atseden hartzeko eta jateko; beraz, ez da harritzekoa ubarroien lotokiak aurkitzea, edota koartza dotore askoak ibai-bazterrean atsedenean ikustea, eta horiekin batera, miruak, arrano txikiak eta ur-inguruneetan hain ugariak ez diren txori txikiak ere bai.

Ebroren tarte honetan Esfinges proserpinas tximeletak aritzen dira hegan, hau da, gaueko tximeleta ertz uhinduak. Halaber, jaten ez diren ibaiko muskuilu batzuk bizi dira (Margaritifera auricularia). Espezia galtzeko arrisku larrian dago Iberiar Penintsulan. Zoritxarrez, ugariagoak dira zebra-muskuilua, ibai-muskuilu asiarra, karramarro nahiz perka amerikarrak, arrain katuak eta beste espezie inbaditzaile batzuk, mehatxurik handiena baitira hemengo faunarentzat. 

Hainbat bide dira ibaiaz gozatzeko. Adibidez, Tuterako Paseo del Prado edo Fontellasko El Bocal bideak, edo GR 99 bidexka, eta beste nekazaritza-bide batzuk. Bestela, piraguaz ur lasaietan ibil gaitezke. 

Ugariak dira bidexka balizatuak, bide tradizionalak eta bestelako ibilbideak, naturgune honetako ibai-espazioa ongi ezagutzeko.

  • GR 99 “Ebroren bide naturala”. 42 etapa ditu eta 1.200 km inguru,  Fontibreko iturburutik Ebroren Deltan dagoen Buda uharteraino. Ibilbiderik garrantzitsuena da.
  • Ebron barrena doan Donejakue Bidea
Ebro, Tutera Eduardo Blanco Mendizábal
Image
El Bocal, Fontellas Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Igaraba arrunta (Lutra lutra) Eduardo Blanco Mendizábal
Image
A. Cutiller
Image
Mejana, Tutera Eduardo Blanco Mendizábal
Image
A. Cutiller
Image