Orbaibarko Mendiak

Informazioa/Mapa

Orbaibarko Mendiak

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Leotz, Puiu eta San Martin Unx

Azalera (Ha):

3.389,6

Altitudea (m):

480 – 958

Bioeskualdea EB:

Mediterraneoa

Izendapen-data:

2006ko azaroa

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Olletako Mendia natura-erreserba (RN-21); Monte del Conde natura-erreserba (RN-22); Orbaibarko Mendiak paisaia babestuak (PP-1)
 

Orbaibarko Mendiak

Mosaikoak hartutako paisaia

Pirinioen aurreko eta Erdialdearen arteko ibar lasai hau mikroklimaz eta trantsizioko parajez zipriztindua dago, eta mosaikoak hartutako paisaia da nagusia. Izan ere, ederki txandakaturik ageri dira hainbat landaretza-forma: hala nola bazkalekuak eta sastrakak; pagoek, arteek eta erkametzek osaturiko basoak; terrazetan antolatutako alorrak: hau da, mahastiak, almendrondoak, olibondoak eta zerealak. Hitz batez, orografia berezia, ibarraren ezaugarri eta bereizgarri.

Orchis ustulata GN & BIO.GAN-NIK

Hemengo mendi-bazterren lekuko izanen gara ibar honetan dauden gain edo begiratoki ugarietako batera igota, dela Untzueko haitzera, dela Iratxetako bidexkara igota. Ikuspegi bitxia izanen dugu gure begiradapean, mendi mediterraneoaren degradazio sorta guztiak ikusiko baititugu, “patchwork” oihal polit batean ehunduta baleude bezala.

Naturguneak 1.728’6 ha ditu luze-zabaleran, eta hiru sektore jarraigabe hartzen ditu. Horietako bat San Pelaio-Olleta Mendia da, eta barnean daude Olleta Mendiaren natura-erreserba (RN-21), San Pelaio kaskoa eta mendi-adarraren hegoaldearen zati bat. Naturgunearen mendebaldeko muturrean, berriz, Monte del Conde sektorea dago, izen bereko natura-erreserbaren inguruan osatua (RN-22); eta hego-ekialdean, Gerinda sektorea, Gerinda Mendiaren iparraldean. Naturgune gutxitan daude bereizita oihan sektoreak, eta hori garrantzitsua da espezie batzuen kontserbaziorako.

Hemengo mosaiko moldeko paisaia-sare irregular honek hainbat osagai ditu: Monde del Condeko, Olleta Mendiko eta Leozko onura publikoko Mendietako karraskadi eta erkamezti nabarmenak; zuhaitz hostogalkorren orban txikiak; arras ongi kontserbaturiko sastraka mediterraneoak; eta zereal alorrak. Berezitasun hori, lotura ekologikoa ahalbidetzeaz gain, arras interesgarria da funtsezko beste elementu batzuk kontserbatzeko; harrapariak, batez ere.

Izan ere, Orbaibarko Mendiek berez duten dibertsitate oparoa gain, Europako hegazti harraparien dentsitaterik handienetako bat dagoela aipatu behar da. Horrela, hemengo orografia leun eta latzaren gainean aise ikusiko ditugu arrano txikiak eta sugezaleak, miru gorriak eta beltzak. Baina bestelakoak ere bizi dira, hala nola saiak eta kalandriak, eta noizbehinka, aztore, gabirai, zuhaitz-belatz eta sai zuri bikoteren bat. Bestalde, baso trinkoan, basurdeak, lepazuriak, azeriak eta azkonarrak bizi dira. Kiropteroei dagokienez, berriz, hegoaldeko belarrihandi grisa dabilela frogatu da; haitzuloetako espezie hori Habitat Zuzentarauaren IV. Eranskinean sarturik dago.

Amanecer en la valdorba Lander Goñi Irigoyen
Águila culebrera en vuelo Lander Goñi Irigoyen

Basoak balio handia izan du Orbaibarko jendearentzat, oraindik ere paisaian diren paraje lauek eta zirkularrek ederki erakusten duten bezala. Toki horietan txondorrak edo ikaztobiak egiten baitziren, pago- eta arte-egurrarekin ikatza egiteko. Baina lur azalera handiak bazkaleku eta alor bihurtzearen ondorioz, oihan erabilerek atzera egin zuten. Azken urteotan, ordea, alorrak abandonatu ahala eta etxerako gero eta egur gehiago eskatzearekin batera, erabilera horiek zabaldu dira.

Neguan, boilurra ageri da Orbaibarko Mendietako basoetan; inguru honek duen balio bereizgarrietako bat, alegia. Urtero, azoka bat egiten da Orisoainen “diamante beltzari” eskainia. Kalitate bikaineko osagaia da sukaldaritzan eta inguru honetako bidexka mikologikoetako hari urrintsua.

Lurralde hau hurbil dago Iruñetik, eta itxuraz, urrun denboran. Bada, hemengo biztanleek aurre egin nahi diote etorkizunari, eta tinko aurre egin ere herrien hustuketari, betiere inguru honetan dauden balioak eta altxorrak baliatuta.

Alcaudón común Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Epipactis helleborine Lander Goñi Irigoyen
Image
Culebra lisa meridional Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Mariposa Lander Goñi Irigoyen
Image