Larrondo-Lakartxela

Informazioa/Mapa

Larrondo-Lakartxela

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Izaba, Otsagabia eta Uztarroze

Azalera (Ha):

2.614,16

Altitudea (m):

1.600 - 1.844

Bioeskualdea EB:

Alpetarra

Izendapen-data:

2011ko abendua

:

Larrondo-Lakartxela

Zerurantz zut

Haizeak indarrez jotzen du, eta elurrek zuri-zuri irauten dute udaberria ederki sartu arte Larrondo-Lakartxela izeneko Kontserbazio Bereziko Eremuan. Baldintza gogor horietan, mendiko landareak eta animaliak soilik bizi daitezke paraje horietan, negu partean. Udako hilabeteetan, berriz, tenperatura igotzeari esker, azienda buruak altuerako larreetan bazkatzen dira, eta mendizale aunitz inguru honetara etortzen dira Belagua eta Mintxate aldera dauden ikuspegi zoragarriak gozatzeko.

Chova piquigualda Eduardo Blanco Mendizábal

Ekialdeko Pirinioetako lehen mendi-adar garaietan gaude, Nafarroako eskualde alpetarrean. Lurraldearen iparraldean, Lakartxela (1.979 m) Xardekako zirkuan dago, hau da, uren banalerroan: ur batzuk Kantaurira doaz; besteak, Mediterraneora. Kaskoa harkaitz hutsa da eta Keletako tontorreraino luzatzen da hego-ekialderantz gailurreria baten bidez. Gero, Lapatiako mendi-lepoa dago, eta haratago, Larrondo mendia. Hemen paisaia gozoagoa da, halako bizkar belartsua, Larrondo izenak larrearen ondoan erran nahi baitu (bestela, laharraren edo sasitzaren ondoan). Hegoalderanzko desnibela ez da Lakartxelako iparraldekoa bezain handia. Izan ere, Olhadibida eta Uhaitza ibaiek mendi-zintzur sakonak ireki dituzte Zuberoa aldera: Holtzarteko eta Kakoetako arroilak, hain zuzen.

Naturgune honetan, altuerak ederki markatzen du landaretza mota. Eskailera bat bezalakoa da. Hau da, goiko mailan, kaskoetako harkaitzetan, harkaiztietako espezieak hazten dira, bazka ona ardientzat; gero, ardi-esnearekin Erronkariko gazta ospetsuak egiten dira. Harkaitzen oinetan, berriz, hartxingadietan, hainbat Iberidion spathulatae espezie ageri dira.

Maila bat jaitsita, mendi-hegaletako goialdeetan, otaberak eta txilardiak daude, bai eta era askotako larreak ere; Nardus stricta espeziearen larreak, adibidez.  Kalitatez txarra da eta ez du nutrizio-balio handirik, baina abereentzat goxoagoak diren beste belar lastodun batzuekin batera hazten da.

1.500 metrotik behera, pagadi trinko zabal-zabalak daude, bai eta pinu gorriko pinudiak ere. Izeiak leku gutxitan hazten dira; denak barreiaturik: sakanetako hondoetan eta iparraldeko hegaletan baizik ez, zehazki. Pagadi aberatsenak, hau da, zur hila eta zuhaitz helduak dituztenak, sakan eta erreketako goialdeetan ageri dira. Zura ateratzen den tokietan, berriz, pagoak gazteagoak dira eta ez dago gainerako pagadietan adinako dibertsitaterik.

Pagadia sarria da egiazki, itzalean ez baita hazten zuhaixkarik eta belarrik batere. Oihaneko soilguneetan eta belardietan baizik ez ditugu arnika hori deigarriak ikusiko (Arnica montana), ugari erabilitakoa hanturen eta minaren kontra, edota Swertia perennis espeziearen lore moreak. Mendiko landare hori hementxe besterik ez da hazten Nafarroan.

Iraganean, gizakiak pagadien goialdeak soildu eta larreak zabaldu zituen. Gaur egun, ordea, abeltzaintza behera doanez, mendi-hegaletako larre baztertuenetan sasiak eta pinu gorriak hazten dira.

Monte Larrondo Eduardo Blanco Mendizábal
Verderón serrano Lander Goñi Irigoyen

Naturgune babestuen arteko zubia

Inguru hau Nafarroako Larra-Aztaparreta eta Orreaga-Iratiko Oihana naturgune babestuen artean dago, eta halaber, Zuberoako Basabürüko Mendiak ditu mugakide. Horregatik, Lakartxela-Larrondo naturguneak garrantzi handia du faunarentzat. Hemen, adibidez, okil gibelnabarra bizi da, galzorian dagoena. Iratin ditu populaziorik ugarienak eta, Lakartxela-Larrondoko oihanak lotura-bide hautak dira Erronkari eta Aragoi aldeko populazioekin.  Zubi-lan hori ere egiten dute hemengo larreek eta txilardiek bai sarrioarentzat, bai eper grisarentzat, bai eta beste espezie batzuentzat ere. Eper horrek aurpegi laranjatua du eta negu partean ibar zoletaraino jaisten da.

Larrondo-Lakartxelako fauna interesgarrienen artean, harrapariak aipatu behar dira (sai arrea, sai zuria eta ugatza), eta halaber, uhandre piriniotarra eta baso-igel piriniotarra. Igel hori 1993an aurkitu zen, eta populazioak oso urriak dira. Bi espezie horiek Pirinioetan bakarrik bizi dira.

Argibideak

Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Deportes de invierno Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Tritón pirenaico Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Pino silvestre Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Kartxela-Lacora-Larrondo Eduardo Blanco Mendizábal
Image