Aldude Mendia

Informazioa/Mapa

Aldude Mendia

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Baztan, Auritz, Erroibar Esteribar eta Luzaide

Azalera (Ha):

9.028,6

Altitudea (m):

468 - 1.456

Bioeskualdea EB:

Atlantiko-alpetarra

Izendapen-data:

2005eko abuztua

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Odiako Pagadia lekune naturala (EN-1)

Aldude Mendia

Erregeren mendiak

Nafarroako Donejakue Bidearen ibilbide nagusiaren atea da Aldude Mendia, mendez mende batzuek eta besteek ederki gutiziatua, balio handiko gauzak dituelako: oihan ederrak, ur ugaria, fauna oparoa eta bazkaleku bikainak. Horregatik izan da mugaz bi aldeetako abeltzainen arteko liskar eta tratu iturri.

Galanthus nivalis GN & BIO.GAN-NIK

Pirinioetako mendebaldeko azken mendi-adarretako batean, bi estaturen arteko mugan, eskualde alpinoaren eta atlantikoaren elkargunean, hantxe dago Aldude Mendia, Nafarroako pagadi-masa garrantzitsuenetako bat, alegia. Inguruari Kintoa ere erraten zaio. Kinto izen hori zerga bati zor zaio, Baigorriko abeltzainek nafar errege-erreginei ordaintzen zieten zergari, hain zuzen, erregeren mendietara zerriak bazkatzera eramatearen ordainez. Aldudeko historia ibarren arteko gatazkaz beterik egon zen, harik eta XIX. mendean, Mugen Ituna izenpetu zen arte. Horrekin bat, Baigorriko bizilagunek ipar isurialdeko bazkalekuen gaineko eskubidea dute betirako, kanon bat ordaintzearen truke.

Erran daiteke Aldude bi kontserbazio-eremu bereziren ateko zubia dela; alde batean, Belate baitago, eta bestean, berriz, Orreaga-Iratiko Oihana. Ia 6.000 hektarea dira pagadietan, guztiak ere araupean aprobetxaturik, zur-ekoizpena luzarorako bermatze aldera. Hau da, oihana sektorez sektore mozten da, 100-125 urteko mozketa-txanden arabera. Horrenbestez, sektore bakoitzean, oihanak adin berbera du.

Leku bakar bat uzten da ustiatu gabe, hots, Odiako Pagadia, Iturrunburu eta Adi mendietako alde ospeletan kokatua. 43 hektarea dira, oihan heldua, zuhaitz urtetsuz eta handiz osatua; bertan dautza elurrek nahiz haizeek botarazitako enborrak. Soilguneetan, berriz, zuhaitz gazteak eta zuhaixkak hazten dira.

Oreinak eta hegaztiak

Pago-azalean ederki kamuflatzen da Rosalia alpina, hots, kakalardo urdinxka eta antena luzea. Alpetar adarluzea erraten zaio euskaraz. Pagoen adar eta hutsarteetan, berriz, saguzarrak babestu, eta hamaika hegaztik egiten dituzte habiak. Horietako batzuek mehatxatuak daude, hala nola okil gibelnabarra eta okil beltza. Udazkena kolorez janzten denean, orein arren orroa entzuten da oihanean, hots, araldiko soinu bereizgarria. Zerua, berriz, pagausoz eta Europako iparraldetik heldu diren beste hegazti migratzaile batzuez betetzen da, guztiak ere hegaldaka klima epelagoen bila. Izan ere, Kintoko mendi-lepoak migrazio-pasabide garrantzitsuak dira Europako mendebaldeko ibilbidea erabiltzen duten hegazti migratzaileentzat. Horrek ehiza-jarduera handia eragin du, sei ehiza-barruti baitaude, eta 150 usategi baino gehiago.

Regata en hayedo Lander Goñi Irigoyen
Pito negro Lander Goñi Irigoyen

Alduden, zohikaztegiak daude harat-honat, hau da, milaka urtean landare-materiala metatu duten hezeguneak; haietan, zohikaztegietako sugandilak eta interes handiko beste espezie batzuk bizi dira. Idoi eta inguru istiltsuak, berriz, bestelako espezieen habitatak dira: horietako bat lore hori deigarriko basailen urtarra da; halaber, hegazti intsektujaleak, haragijale txikiak eta kiropteroak bizi dira. 

Lindux, Menditxuri, Mendiaundi, Soroteporo, Iturrunburu, Adi, Enekorri, Edizaga, Larrakarte eta beste kasko batzuk uren banalerroan daude; beraz, alde bat Kantauriko isurialdea da, eta bestea mediterraneoa. Ipar isurialdeko urak Errobi eta Baztan ibaira doaz; bigarreneko urak, berriz, Urrobi, Erro eta Argara. Arga Eugiko urtegiaren elikatzaile nagusia da eta Iruñerria urez hornitzen du.

Aldude gune garrantzitsua da mikologiari begira, 250 espezietik gora katalogatu baitira, den-denak behar-beharrezkoak, guztiek ere hainbat prozesu biologikotan parte hartzen baitute; zur hilaren deskonposizioan, adibidez.

Argibideak

Pico mediano Lander Goñi Irigoyen
Image
Hayedo Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Milano real Lander Goñi Irigoyen
Image