Ega eta Urederra Ibaiak

Informazioa/Mapa

Ega eta Urederra Ibaiak

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Abaigar, Allinibar, Ameskoabarren, Antzin, Lizarra, Iguzkitza,  Lana, Legaria, Mendaza, Metauten, Murieta, Oko, Deierri.

Azalera (Ha):

531,49

Altitudea (m):

427 - 673

Bioeskualdea EB:

Mediterraneoa

Izendapen-data:

2006ko uztaila

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Urederraren Iturburuko natura-erreserba (RN-14); Lasiako erreka-zuloa natura-erreserba (RN-13)

Ega eta Urederra Ibaiak

Ibai bizi-emaileak

Nafarroako mendebaldean, bidaia ederra eginen dugu Urederra eta Ega ibaien bidez Kantauri aldeko giroetatik zapore mediterraneoetara. Urederraren urak bat-batean ateratzen dira hormatzar malkartsu batetik, pagadiz inguraturik. Irudi ikusgarria da, zinez. Baina hainbateko ikusgarritasuna dauka Egako ibaiertzetako haltzek, lizarrek eta sahatsek osaturiko paisaiak. Ega, bidenabar erranik, monumentuz beteriko Lizarra hiriari dago estuki lotua. Biak ere, gainera, babesleku egokia dira mehatxupeko flora- eta fauna-espezie aunitzentzat; igarabarentzat, adibidez.

Toba terrazak Eduardo Blanco Mendizábal

Ega ibaia, hasieran, herabeti sartzen da Nafarroan. Izan ere, Lagranen (Araba) sortu ondoren, ekialderantz egin eta Marañongo lurretatik barneratzen da Nafarroan, Kodesko Mendilerroan, baina, ondotik, atzera egiten du Arabarantz, Satikurutze Kanpezuko lurrak bustitzeko. Azkenean, Nafarroara itzultzen da Zuñiga aldetik; handik, Lizarrarantz jo eta, bertan ere, Urederrarekin elkartzen da. Ondoren, hegoalderanzko bidea hartzen du urak Ebron isuri arte. Guztira, 113 km-ko bidea egiten du, horietako asko Nafarroako mendebaldeko lurralde zabal batean barna.

Urederrak, ordea, Bakedao herriko lurretan dauka iturburua, Urbasako gune karstikoan osaturiko akuiferoaren berezko aterabideetako bat da. Izenak berak dioen bezala, ederra da parajea. 100 metrotik gorako eroria da, eta Nafarroako naturgunerik bisitatuenetako bat, zalantzarik gabe. Uren urdin turkesa, ibilguko putzu eta osinak, den-dena natur eremu zoragarri batek inguraturik. Emaitza, leku ikusgarria da benetan, natura-erreserba izendatua.

Bi ibaiek alde banatan duten landaretzak ederki erakusten du eskualde atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko paisaian dagoen trantsizioa. Izan ere, Urederra pagoz inguraturik sortzen da; gero, poliki-poliki, pagoarekin batera, haritz ilaunduna hazten da, eta gero, erkametzak, barnealdeko arteak eta txaparrak (abaritzak) nagusitzen dira. Ibaiertzetan, Kantauriko lizardien ordez, lizardi eta haltzadi submediterraneoak agertzen dira beherago. Batetik, zuhaitzek osaturiko tapiz berde gozoa dago, eta bestetik, harkaitzak eta toba (iturburu batzuetako urek dakarten kareak eraturiko kareharriak). Bi landare aipatu behar dira: uretako pinua (Hippuris vulgaris), oso urria Iberiar penintsulan, eta eskumaria, hurritzaren eta zumarraren sustraiak parasitatzen dituen landarea.

Ega ibaiari, ordea, giro mediterraneoa dario Nafarroan barna egiten duen ibilbidean. Alorren artean, barnealdeko artadiak eta erkameztiak tartekatzen dira, hegoalderanzko bidean, baina ibilbidearen hasieran, Zuñigan, Lasiako Natura Erreserba gurbitzen artean dago ezkutaturik; hots, 70 hektareako naturgune babestua da, ibaiak eratutako haitzarte berezia.

Linorka (Osyris alba) GN & BIO.GAN-NIK

Handia da bi ibaien balio ekologikoa. Izan ere, galzorian dauden animalia askok zoko-moko egokiak dituzte kumeak hazteko, jateko eta babesteko. Horien artean, igaraba dago, ur hauetako arrainak jaten baititu, hala nola loina, errutilo hegatsgorria edota amuarraina. Ega eta Urederraren ibaiertzak ezin hobeak dira martin arrantzalearentzat nahiz ur-zozoarentzat, baita saguzar, burruntzi eta narrastientzat ere, hala nola musker berdearentzat eta hegoaldeko suge leunarentzat. Ibaietatik urrunxeago, zuhaitzen artean, hainbat tximeleta-espeziea ibiltzen dira hegan, horien artean inurri-larbak jaten dituen tximeleta tantoduna. Urbasako harkaiztietan, berriz, sai zuriak eta ugatzak jaun eta jabe dira, eta hantxe egiten dituzte habiak.

Jendea ibaietara joaten da bainatzera eta kirola egitera; piraguismoa, bereziki. Urederran bertan bi ibai-igerileku daude: Zudairin eta Artatzan. Horrez gain, hainbat bidexka ditugu eskura naturgunea ezagutzeko. Vasco Navarro Trenbidearen Bide Berdea, bidexka balizatu bat Lasiako erreka-zuloan, eta ibilbide bat Urederraren Natura Erreserban. Azken hori egiteko, baimena eskatu behar da aurrez Nafarroako Gobernuko webgunean. 

Urederraren Sorburua Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Igaraba amurraina ahoan Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Ega Ibaia (Eupatorium cannabinum ) GN & BIO.GAN-NIK
Image
Udazkeneko paisaia Eduardo Blanco Mendizábal
Image