Arrigorrietako mendilerroa eta Ezkaurre mendia

Informazioa/Mapa

Arrigorrietako mendilerroa eta Ezkaurre mendia

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztien Babesgune Berezia (HBB).

Udalerriak:

Garde, Izaba, Erronkari eta Urzainki

Azalera (Ha):

6.378,16

Altitudea (m):

735 - 2.047

Bioeskualdea EB:

Mediterraneoa

Izendapen-data:

HHB 1990eko abendua; KEB 2011ko abendua

:

Arrigorrietako mendilerroa eta Ezkaurre mendia

Beste mundu bateko loreak

Ezkaurre kareharrizko mendigune izugarria da, 2.046 metrokoa, ibar meharrek, mendi malkartsuek eta ura indarrez erortzen den sakanez inguraturik. Lore arraro eta ederrak hazten dira harrien artean, belaietan eta Nafarroako jatorri glaziarreko aintzira bakarrean: Ezkaurreko aintziran, alegia.

Gorrión alpino Lander Goñi Irigoyen

Erronkaribarren, Aragoiko mugan, Arrigorrieta eta Ezkaurre izeneko Kontserbazio Bereziko Eremua dago. 6.378 hektareako azalera du Pirinioetako Garde, Izaba, Erronkari eta Urzainki udalerrien artean. Ia azalera guztia da Hegaztien Babesgune Berezia.

Urzainki 730 metroko altueran dago, eta Ezkaurreko kasko garaiena, berriz, 2.000 metrotik gora. Hortaz, jauzia alimalekoa da, eta erliebea malkartsua da zinez, mendiz beterikoa. Mendi horien guztien gainetik zerurantz zut altxatzen da Ezkaurreko gune karstikoa; leize eta kobazulo aunitz daude, urak kareharrian egindako lanaren ondorioz. Ezkaurreko eta inguruko beste kasko batzuetako harkaiztietan, habia egiten dute ugatzak, sai zuriak, arrano beltzak edota belatz handiak, eta lore endemiko mehatxatuak hazten dira, eder-ederrak, bizirik irauten baitute udara bitarte dirauten elur eta izotzen gainetik. Pirinioetako Adonis ederra da horietako bat, uda partean ikusgai dagoena, lore hori deigarriak dituelako. Beste bat, Haizearen lorea da; haizeak luma-motots formako fruitua eramaten dio; Latyrus vivantii izeneko lekadun more txikia, edo Festuca pyrenaica lastoduna, buruxketan loratzen dena. Arruntak ez diren beste lore batzuek lur urtsuagoak nahiago dituzte, hala nola Belabarzeko hezegunean hazten den Eriophorum angustifolium espezieak, edo Ezkaurreko aintziran, 1.730 metroko altueran,  hazten den karize pikodunak.

Pinu beltzeko oihanak

Naturgune honetako azaleraren % 75 oihanez betea dago eta, mendez mende, zur aunitz atera da. Izan ere, mendiotako enborrekin almadiak egiten ziren, hau da, zuhaitzak bota, adarrak kendu, eta enborrak elkarri lotuz osatutako baltsak. Horrela, almadietan, zura errekan beheiti jaisten zen enborra beste alde batzuetara eramateko.

Pinu edo ler beltza nabarmentzen da zuhaitzen artean (Erronkarin pinuari lerra erraten baitzaio). 1.700 metrotik gora hazten da. Oihan irekiak osatzen ditu, orre, ezpel eta otaberekin batera. Beherago, pinu gorriko pinudiak dira nagusi, baina bestelako zuhaitz motak ere tartekatuta: ospeletan, pagadiak; haritz ilaunduneko hariztiak, berriz, berokietan; eta izeidiak, azkenik, malda pikoetan. Oihanotan, Iberiar penintsulako okilik urriena bizi da, okil gibelnabarra, baina baita basoilarrak, basakatuak, eta ferra-saguzar txikiak ere.

Mendi-hegaletako oihanen eta kaskoen artean, bazkalekuak daude, Arrigorrietako altuerako soilguneetan eta Ezkaurreko bazkaleku subalpetarretan, bereziki. Han elikatzen dira behiak eta ardi saldoak, uda partean. Neguan, berriz, inguruko ibarretan bazkatzen dira, edo bestela, artzainek Errege Bardeara eramaten dituzte transhumantziari jarraipena emanez. Halaber, Apolo eta isabelina tximeletak aritzen dira hegan, eta eper grisa, berriz, ezpelen artean kukutzen da. 

Bosque Carlos Emilio Alonso Fernández
Isaba y Peña Ezkaurre Eduardo Blanco Mendizábal

Beste animalia batzuek Urralegiko eta Berroetako erreketan bizitzea dute gogoko, ur garbiak eta hotzak baitira, edota ur-ibilgu txikiagoetan, ertzak sahatsez, urritzez eta elorriz beterik daudela. Horien artean, Pirinioetako bi espezie endemiko ditugu: uhandre piriniotarra eta Pirinioetako arratoia, azken hori “galtzeko zorian”. Han ere babeslekua aurkitu du desman piriniotarrak. Ugaztun arraro erdi urtarra da, gaueko ohiturak dituena, ur garbiak direla salatzen diguna. Erreka horietatik hurbil, zelatan dago igaraba, desmanaren harrapakari nagusietako bat, alegia.

Ez aspaldian, mendiotan ere ugaztun handi batzuk bizi izan ziren. Camille Extreme mendi-lasterketak Erronkariko lurretan bizi izan zen azken hartz arrearen izena dakarkigu gogora. Hura XXI. mendeko lehen hamarkadan izan zen. Gaur egun, oso noizean behin sartzen da hartzen bat Nafarroan. Ale bat edo bi dira, Ipar isurialdean, Aspe eta Ossau ibarretan, bizi direnak. Noizbehinka, eta egun gutxi batzuetarako, Nafarroara etortzen dira Anso eta Hechon barna.

  • Inguru honetan igoera ederrak egin daitezke, batzuek nola-halako zailtasuna dutenak: Ezkaurre, Armentadoia, Punta Barrena edo Kalbeira.
  • GR-11 Pirinioetako Bidexka Handia. 47 etapa dira Pirinioen hegoaldeko isurialdean barrena. Ibilbide homologatu eta seinaleztatua da eta naturgunea zeharkatzen du.
  • Izabako Udalak eta Erronkariko Pirinioak Taldeak kronoeskalada bat antolatzen dute urtero Ardibidepikuan.

Argibideak

Peña Ezkaurre gélida Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Peña Ezkaurre otoñal Eduardo Blanco Mendizábal
Image