Ezka eta Binies Ibaiak

Informazioa/Mapa

Ezka eta Binies Ibaiak

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Burgi, Izaba, Erronkari, Urzainki, Bidankoze

Azalera (Ha):

288,67

Altitudea (m):

288,67

Bioeskualdea EB:

Alpetar-mediterraneoa

Izendapen-data:

2014ko uztaila

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Burgiko Arroilako natura-erreserba (RN-18)

Ezka eta Binies Ibaiak

Almadiazainen uretan

Eska ibaiak eta ibaiadarrek (Belagua eta Binies) aitzina egiten dute malda pikoetan behera eta ibar meharretan barna, Erronkaribarko zazpi herriak zeharkatuta. Ur laster eta biziak dira benetan, lehenago almadiazainek heziak. Gaur egun, berriz,  bizibide dira, bizia harat-honat daraman korridore ekologiko oparoak. Ur horien artean, badira natur baliabide baliosak, hala nola Belaguako errekaren ibilgu kordatua edo Ezkan ugari diren tobak edo kareharrizko harriak, maskor edo aho erdi irekiaren itxura dutenak. 

Rana bermeja Eduardo Blanco Mendizábal

Ezka ibaiak eta Belagua nahiz Binies ibaiadarrek Erronkaribar guztiko urak biltzen dituzte, salbu azalera txiki bateko urak, Frantzia aldera doazelako. Bidaia Belaguako zokoan hasten da. Toki horretan Belaguako ibaia erraten zaio, eta Izaba herri xarmangarrian ematen zaio Ezka izena, hau da, Belagua eta Uztarrozeko ibaiak elkartzen diren lekuan. Binies ibaiaren iturburua Atuzkarratz mendian dago eta Burgira iritsi baino lehen isurtzen ditu urak Ezkara.

Mendiko ibaia denez, emaria nabarmen handiagoa da neguan eta udaberrian, euri handien eta elurrak urtzearen eraginez. Udan, ordea, agorraldi latza izaten du. Ezkak, gainera, bi alde arras ezberdinak ditu: batetik, goi-ibarra mendiko klimaren eraginpean dago, eta euri nahiz elur gehiago egiten du; bestetik, beheko tartean, Burgi aldean, klima-baldintza mediterraneoak dira nagusi.

Erronkariko ibaiek Pirinioetako paisaia peto-petoa dute bidelagun. Izan ere, mendi-kaskoen azpian, luze eta zabal hazten dira pagadiak, haritz ilaunduneko hariztiak eta pinudiak; tarteka, belaiak ere badira, eta haietan, ardiak, behiak eta zaldiak, lasai ederrean bazkan. Ezka eta Binies ibaien ertzetara hurbildu ahala, sahasti moldeko zuhaixkak dira gero eta nagusiago. Lehen lerroan daude, eta naturgune honetako flora eta fauna oparoaren lekukorik onenak dira. Sahastiekin batera, lizardiak hazten dira, eta ibaietatik urrunxeago, ibaiertzeko urriztiak eta elorriak dira nabarmentzekoak.

Ibaiertzeko landaretza bereizgarriari naturgune honetako berezitasunetako bat erantsi behar zaio, zenbait tartetan:  garapen handiko toba-formazioak, Nafarroako handienak. Kareharri zulodun horiek lehentasunezko interesa duten habitatak dira, eta Ezka ibaiari dagokionez, deigarriak dira egiazki, maskor edo aho erdi irekiaren itxura dutelako.

Paisaia ikusgarriaren erdian, hantxe heldu da jauzika, basati eta indarrez Ezka ibaia, bizitasunez beterik. Ur laster eta malda horiek agerian jartzen dute almadiazainen abilezia handia, arront iaioak eta abilak baitziren enbor-baltsak (almadiak) ibaian beheiti jaisteko. Ezkaren murmurio hotsak, ordea, ez du urratzen ibai honen ibaiertzen inguruko baretasuna. Era askotako arrainak bizi dira lasaitasun horren eta ur garbien arrimuan; nagusia, amuarraina da, eta gero, loina (ur bizietako espezie bat) eta barbo buztangorria. Ibaiaren garbitasunaz gain, ibai-bazterretako landaretza oparoa aipatu behar da; horri esker, habitat ezin hobea da igarabarentzat eta desman piriniotarrarentzat.

Carlos Emilio Alonso Fernández
Toba Luisa Arana

Ezka eta Binies ibaiek eginkizun garrantzitsua betetzen dute intereseko ibai-habitaten kontserbaziorako, baina hortaz landara, leku honetan dago Nafarroako ibilgu kordatu glaziar bakarra, eta hori balio handiko natur baliabide da zientziaren, kulturaren eta hezkuntzaren ikuspuntutik. Belagua ibaiko ibilguak Pirinioetan batere ohikoa ez den irudia eskaintzen digu. Izan ere, hilabete gehienetan lehorra dago, ura lurpean sartzen delako, baina urtzaldian eta euri handien ondoren, emaria nabarmen handitzen denez, elkarri lotzen zaizkion ibilgu txikiagoak osatzen dira, ibai-txirikorda meheak balira bezala, aldi baterako irla txikiek bereizita.

Erronkariko Naturaren Interpretazio Zentrora etortzea modu ezin hobea da naturgunea ezagutzeko, informazioaz gain, ibar osorako ingurumen-hezkuntzako zerbitzuak eskaintzen baititu. Gainera, zenbait bidexka balizaturen bidez, naturgune honetako txoko batzuk ezagutuko ditugu. 

Ibaia zerutik begiratuta A. Cutiller
Image
Zubia Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Toba Luisa Arana
Image