Arabarko

Informazioa/Mapa

Arabarko

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Burgi, Galoze, Gorza eta Bidankoze

Azalera (Ha):

1.717,78

Altitudea (m):

770 - 1.188

Bioeskualdea EB:

 Mediterraneoa

Izendapen-data:

2006ko uztaila

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Arabarkoko Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-13)

Arabarko

Tximeleta-besta

Erronkari eta Zaraitzuko ibarren atarian, Arabarko, funtsean, oihan ingurua da. Jende gutxi ibiltzen da. Oparo hazten dira berezko oihan sarri eta zabalak. Basoen artean tartekaturiko gailurrak, berriz, begiratoki ezin aproposagoak dira Pirinioak bere ederrean ikusteko. Ahaztu gabe, espezierik delikatuenak ibiltzen direla pinudi eta atxaparren artean. Bi aipatuko ditugu: Isabellae tximeleta eta Euphydryas aurinia tximeleta. Biak ere dotore paseatzen dira beren mantu koloretsu eta liluragarriekin.

Saxífraga longifolia GN & BIO.GAN-NIK

Naturguneak 1.717 hektarea ditu luze-zabaleran, eta gehien-gehiena berezko oihanek hartua dute. Altuerak, lurraldearen orientazioak eta iraganeko baso-lanek baldintzaturik, oihan mota hau edo bestea hazten da: pagadiak, harizti ilaundunak, izeidiak, barnealdeko artadiak eta pinu gorriko pinudiak. Hain zuzen, pinudiak dira jaun eta jabe azaleraren erdian baino gehiagoan. 

Oihan gehienak masa gazteak dira. Baina, halaber, badira ale zahar samarreko oihan txikiak, aunitz ez badira ere; haritzak, bereziki, Galozeko eta Bidankozeko bazterretan. Era berean, fuste lodiko ezkiak daude Gorzako Los Rellanos parajetik hurbileko baso misto batean. Zuhaitzok balio ekologiko handia dute, faunaren eta floraren aterpe baitira, oihan zaharretan ohi denez; kakalardo mehatxatuen eta baso-saguzarren babesleku, hain zuzen ere.

Naturgune isil honetan, harkaizti txikiak daude. Handiena Arabarko da, baina badira barreiatuak hainbat haitz txiki, hala nola Lutoa, Larrea, Arratea edoo Maskilapotxa, eta horiei guztiei loturik, hartxingadiak lotuta daude. Habitat hauetan fauna- eta flora-espezie katalogatuak, mehatxatuak eta interesekoak bizi dira.

Harkaiztietako hainbat hegaztik aukeratu dute bizilekutzat toki hau; adibidez, ugatzak, arrano beltzak, sai zuriak eta belatxinga mokogorriak. Oihanetako beste espezie bereizgarri batzuk ere bizi dira, horien artean, okil beltza; haren soinua udaberriro entzuten dugu Arabarkoko pinudietan. Egiazki zoragarria da Europako okilik handienaren lana ikustea, hau da, nola jotzen duen mokoarekin enborra emeak erakartzeko eta kumeendako habia egiteko: ikuskizun zoragarria baina ez bakarra.

Izan ere, landareak loratu eta bazterrak kolorez janzten diren urtaroan, bi pinpilinpauxa panpoxen hegaldi liluragarria gertatzen da. Graellsia isabelae izeneko tximeletak gogoko du pinudien artean mugitzea. Esaten da “Europako lepidopterorik ederrena” dela, kolore berde bizia duelako, zain marroi gorrixkek ildaskatua. Bestea, berriz, Euphpdria aurinia tximeleta da; orban laranja, hori eta marroi arras distiratsuak ditu. Aise ikusiko dugu atxaparren artean hegan, landare hori baita haren elikagairik gogokoena.

Ugatza hegan Lander Goñi Irigoyen
Orkatza Eduardo Blanco Mendizábal

Mendez mende, azienda-pasabide

Gaur egun, azienda gutxi dabil Arabarkoko toki gehienetan, baina mendez mende ugaria izan da, Erronkariarren Errege Ardibideak naturgunea zeharkatzen duelako. Nafarroako ardi transhumantzia-biderik zaharrenetakoa da, artzainek gizaldiz gizaldik erabilitakoa. Izan ere, uda ondoren, artaldeak Erronkariko bortuetako bazkalekuetatik Errege Bardeako estepetaraino eramateko  erabili da. Bidea Galozeko eta Gorzako udal-mugartetatik hurbil pasatzen da, Bidankozeko lurren parean.

Horrez gain, beste bi ibilbide daude balizaturik: PR-NA63 herribidea (gutxi seinaleztaturik) eta Robrar Ibilbidea. Halaber, badira mendiko bizikletaz ibiltzeko ibilbide seinaleztatuak. Ibilbide gehienek landaretza-eremu arras itxiak eta bazter malkartsuak zeharkatzen dituzte, baina merezi du, merezi duenez, ikuspegiak izugarriak baitira. Hainbat kasko aipatze aldera, Arburua, Santa Agata, Arazeki, Ori, eta Pirinio guztiak, oro har.

Inguru honetan ere ehiztariak dabiltza. Lau ehiza-barruti daude, eta batez ere, oilagor, orkatz eta basurde ehizan aritzen dira.

Argibideak

Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Basurdea Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Erkametza Quercus pubescens GN & BIO.GAN-NIK
Image
Narcisus assoanus. Txistula, Güesa GN & BIO.GAN-NIK
Image
Harkaitza eta kobazuloa. Ibarziloa, Uscarrés GN & BIO.GAN-NIK
Image