Irati, Urrobi eta Erro Ibaiak

Informazioa/Mapa

Irati, Urrobi eta Erro Ibaiak

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Agoitz, Artzibar, Aribe, Auritz, Erroibar, Esteribar, Garaioa, Garralda, Hiriberri, Ledea, Lizoain, Longida, Irunberri, Orbaizeta, Orbara, Orotz-Betelu, Orreaga, Zangoza, Urraulbeiti eta Urrotz-Hiria.

Azalera (Ha):

1.101,04

Altitudea (m):

401 - 480

Bioeskualdea EB:

Alpetar-mediterraneoa

Izendapen-data:

2014ko uztaila

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Tristuibartea natura-erreserba (RN-8); Irunberriko Arroilako natura-erreserba (RN-25)

Irati, Urrobi eta Erro Ibaiak

Hemingwayren amuarrainak


Irati ibaiak eta haren errekek erabat liluratu zuten Ernest Hemingway, joan den mendeko 20eko hamarkadan. Idazleak, izan ere, ur haietan jauzika zebiltzan amuarrainak harrapatu, ibaiertzetako itzal goxoaz gozatu, edaria hango iturrietan freskatu eta osinetan bainatu zen udako beroa arintzeko. Nobel saridunak bezala, beste batzuek ere gozatu dituzte Pirinioetako urak biltzen dituen ibai-sare honetako txokoak.

Barbas de agua, cabello de ninfa Luisa Arana

Elurretako Ama Birjinaren ermitatik hurbil, Nafarroako Pirinioen bihotzean, Urbeltza eta Urtxuria errekak elkartu, eta Irati sortzen dute. Ibai horretako urak Itoizko urtegian elkartzen dira Urrobik dakartzan urekin, eta Zangoza aldera doala, hainbat erreka lotzen zaizkio, baita Erro eta Zaraitzu ibaiak ere. Iratik, azkenean, Aragoi ibaira isurtzen ditu urak Ledeatik hurbil Entrambasaguas izeneko parajean. Horra hor zenbat eta zenbat kilometro ur-ibilguetan; hitz batez, bizi-sare trinko-trinkoa.

Naturgunean Irati, Urrobi eta Erro ibaien hainbat tarte daude sarturik, baita Txangoa erreka ere, Orbaizetatik hurbil Iratiri lotzen zaiona. Toki gutxi batzuetan izan ezik (Aurizko zelaian, kasu), goiko tarteak malda handiko ibar meharretan beheiti isurtzen dira. Zenbait tokitan, bereziki estuak dira: hori gertatzen zaio Iratiri Aribe eta Orotz-Betelu artean; Urrobiri, Aurizberritik Lusarretara bitarte, eta Errori, Txintxurrimearko zintzur txikian.

Beheko tarteetan, Errok eta Iratik ordoki zabalagoetan barna egiten dute aitzina, meandroak marraztuta, harik eta Irati berriro ederki mehartzen den arte Irunberriko arroilan. Handik Ledeara jotzen du erripen artean (ia ibaian bermatzen diren malkarrak) eta, herri horretatik behera, aurrera egiten du iparralderago dauden tarteetatik garraiatutako sedimentuek osatutako ibai-terrazen artean.

Abendutik apirilera, negu aldeko euriek eta elurrek ur biziak eragiten dituzte. Iratiren emaria, dena den, Irabiako eta Itoizko urtegien bitartez erregulatua dago. Bi urtegiak naturgunetik kanpo daude.

Amuarrainak eta txitxi-burruntziak

Txangoa errekako, Urrobi ibaiko eta Erroren nahiz Iratiren goiko tarteetako urak toki ezin hobeak dira amuarrainentzat arrautzak erruteko, haraino joaten baitira uretan goiti. Apoarmatu istilzaleak, igarabak, bisoi europarrak eta desman piriniotarrak ere ur horiek berberak maite dituzte. Azken hori ugaztun txikia da, eta ur gardenak eta inguru oihantsuak ditu gogoko. Kilometro batzuk beherago, ur epelagoetan, amuarrain helduak topatuko ditugu, baita beste espezie batzuk ere, hala nola loina, Graells barboa, barbo buztangorria eta mazkar arantzaduna. Saguzar-koloniak kobazulo eta eraikinetan bizi dira eta, ibaien inguruan, berriz, hegazti urtarrak janari bila ibiltzen dira, hala nola martin arrantzalea edo ur-zozoa. Irunberrin, gainera, badira miru beltzaren neguko lotokiak.

Jauregiaroztegiko linga izeneko hezegunea Nafarroako inguru atlantiko-piriniotarreko hezegunerik garrantzitsuenetako bat da; naturgunean sartua dago. 10 hektarea hartzen ditu, sakonune leun batean, belaiz eta bazkalekuz estalirik, pagadiz inguraturik, Auriztik hurbil. Nafarroan bakanak diren landareak hazi, eta intsektuak ugariak dira; bereziki tximeletak eta odonatoak; horien artean, Coenagrium mercuriale txitxi-burruntzia, hots, burruntzi marra urdin eta beltza, Batasunaren interesekoa. Hantxe ere atseden hartzen dute koartzek, ahateek eta Pirinioetako mendi-lepoak gurutzatzen dituzten beste hegazti migratzaile batzuek.

Tristuibartea natura-erreserba Petxuberroko ipar hegalean dago; haritz ilaunduneko harizti ederrak ditu, arras ongi kontserbatuak. Haritz-hosto horiek ileak dituzte azpialdean, eta adarretan diraute ia hosto berriak hurrengo udaberrian atera arte. Nafarroan leku gutxitan dago horrelako hariztia babestua, Naturgune Babestuen Sareetako leku guztiak kontuan hartuta.

Río Urrobi Eduardo Blanco Mendizábal
Libelloides longicornis Lander Goñi Irigoyen

Ibai horien ertzetan ugaria da landaretza, eta landareen artean, otsagereziondoa (Prunus padus) hazten da Auriztik Saraguetara bitarte, Urrobiren ibai-bazterretan; zuhaixka bakanak dira. Adarrak zanpatzen badizkiogu, usai txarra darie, almendra mikatzaren urrinaren oroigarri. Lore zuriak mordoetan daude bilduta, eta ikusgarriak dira benetan. Fruitu beltzak jangarriak dira, baina kolikoak eta okadak eragiten dituzte.

Intereseko beste habitat batzuk ere badira, hala nola karize-azalerak edota lilipa horiz zipriztindutako lezkak inguru istiltsu, hondartza eta legarretan, edota belar bedeinkatu piriniotarra eta basa perrexila (Chaerophyllum hirsutum) hazten diren belardiak, Nafarroan bakanak. Inguru oihantsuetan, bi flora-espezie mehatxatu daude: negu-txilintxak (hauxe da Nafarroan ezagutzen diren hiru populazioetako bat) eta  erratza, hau da, baia gorriak dituen zuhaixka txiki bat, sendabelarra.

Arma Ola abandonatua

Ibilbide aunitzek zeharkatzen dute ibai-ingurune honetako lurraldea. Bide batek Aezkoako garaietara eramanen gaitu. Beste batek, berriz, merkurio meategi zahar itxiak eta Aribeko bainu sendagarriak erakutsiko dizkigu, eta hirugarren batek, Longida ibarreko meandroak. Beste bat ere badago Ekaiko zerrategia ikusteko. Bidexka batzuek Txangoa errekaren goiko tartea inguratu eta Orbaizetako Arma Ola zaharra ezagutzeko aukera ematen dute; XVIII. mendean eraikia, gaur egun irudi harrigarria eskaintzen digu, Txangoa errekako urak aitzina egiten baitu harrizko arkuen azpian,   Iratiko oihanen ospelean. Beste bide askok Agoizko bazterrak gurutzatzen dituzte, bai eta Irunberriko arroila ere. Irunberrin bertan, Arroiletako Interpretazio Zentroa dago.

Consuelda (Prunella vulgaris) Luisa Arana
Image
Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Rana verde (Pelophylax perezi) Luisa Arana
Image
Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Ranita de San Antonio Eduardo Blanco Mendizábal
Image