Baztan Ibaia eta Artesiagako Erreka

Informazioa/Mapa

Baztan Ibaia eta Artesiagako Erreka

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Baztan eta Bertizarana

Azalera (Ha):

76,04

Altitudea (m):

155 - 245

Bioeskualdea EB:

Atlantikoa

Izendapen-data:

2014ko ekaina

:

Baztan Ibaia eta Artesiagako Erreka

Baztango bizigarriak

Baztan ibaia izen berbera duen ibarreko mendi-bizkar goxoen artean isurtzen da, Nafarroa atlantikoan. Bere ibilian, Elizondo, Oharriz eta Oronozko hiriguneak zeharkatu, eta sigi-saga egiten du aitzina, haltzak, haritzak eta zuhaixkak bidelagun hartuta, eta euriak beti gozo-gozo mantentzen dituen belaiak gurutzatuta.  Baztan ibaiko uretan burtainak, amuarrainak eta beste arrain batzuk bizi dira. Ur gainean, berriz, burruntzi deigarriek egiten dute hegan.

Kakalardoa (Hoplia coerulea) Lander Goñi Irigoyen

Baztan ibaiak Elizondoko Txokoto auzoan marraztu duen irudia da zalantzarik gabe ibar honetako argazkirik bereizgarrienetako bat. Gizakiak aspaldidanik utzi baitu bere aztarna ibaian; ibai-bazterrean herriak eta errotak eraiki baitziren, eta ibai gainean, berriz, zubiak eta presa txikiak.

Naturgune babestuak bi adar barnebiltzen ditu: batetik, Artesiagako errekako ibilbide osoa, hau da, izen bereko mendatean dagoen iturburutik Baztan ibaiarekin bat egiten duen lekuraino, Arraiozera iritsi baino lehen; eta bestetik, Elbeteko zubitik Bertizko Jaurerriko zubira bitarteko tartea, Oronozen. Hortik aitzina, ibaiari Bidasoa deritzo.

Bana beste, 1.700 mm-tik gora botatzen du urtero euritan, emariaren elikagarri. Batez beste, 5 m3/s-ko emaria izaten du urtean Oharrizen. Erregulazio urriaren ondorioz, berez mantentzen da ibaiaren dinamika naturala. Emaria, dena den, aunitzez ere handiagoa da abendutik apirilera, agorraldiko hilabeteetan baino.

Ibaia itzalpean

Baztan ibaiaren ertzetan eta Artesiagako erreka bazterretan, haltzek zerrenda mehar bat osatzen dute ia beti, dela lurraren erliebearen eraginez, dela haltzen ordez espezie exotikoak landatu direlakoz, hala nola platanoak eta akaziak. Ibaiertzik garaienetan, haritzak, lizarrak eta astigarrak hazten dira, lurzorurik aberatsenak baliatuta. Sahats txikiak, berriz, kaskailuetan eta ibaiko uharteetan ageri dira; halaber, beste toki batzuetan, lerro mehar bat osatzen dute uraren eta haltzen artean.

Inguruko erreka sare handiaren arrimuan, landare- eta zuhaitz-orla ederra dago. Halako jarraitasun bat osatzen dute guztien artean, eta hori arras ona da faunarentzat naturgune honetan harat-honat mugitzeko. Kontserbazio bereziko eremu honek, gainera, beste naturgune babestu batzuk ditu mugakide, hala nola Bertizko Jaurerria, Bidasoa Ibaia eta Belate. Ibaiko ur garbiak eta alde ospelak ezin hobeak dira animaliak babesteko, jana aurkitzeko eta kumeak hazteko.

Txkotoko presa, Elizondo Lander Goñi Irigoyen
Ardiak bazkan Baztan inguruan Eduardo Blanco Mendizábal

Artesiagako errekan, konparaziora, Oxygastra curtisi izeneko burruntzia bizi da; berde metalikoa da orban horiekin. Espeziea mehatxupean dago, baina oso zorrotza da bizilekua aukeratzerakoan. Horregatik, espezie hori erreka horretan bizitzea Artesiagako uren eta landareen ingurumen-kalitate onaren adierazlea da.  Halaber, erreka bereko eta beste batzuetako uretan, burtaina bizi da; hots, arrain txiki bitxi bat, ezkatarik gabea, galzorian Iberiar Penintsulan. Nafarroan, bioeskualde atlantikoan baizik ez dago. 

Baztan ibaian, bestalde, mazkarrak, aingirak eta amuarrain-populazio nabarmena bizi dira, arrantzaleen pozgarri. Erabiltzen ez ziren errota batzuk ezabatu dira azken urteotan, bai eta zentral hidroelektriko zaharkitu batzuk, hainbat arrain-haztegi eta zenbait presa ere; horri esker, arrain horiek aiseago mugitzen dira lehenago baino.

Argibideak

Txakur-hortz Lander Goñi Irigoyen
Image
GN & BIO.GAN-NIK
Image
Ziga, Baztan Eduardo Blanco Mendizábal
Image