Orabideko Erreka eta Arxuriko Zohikaztegia

Informazioa/Mapa

Orabideko Erreka eta Arxuriko Zohikaztegia

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Baztan eta Urdazubi

Azalera (Ha):

191,04

Altitudea (m):

105 - 765

Bioeskualdea EB:

Atlantikoa

Izendapen-data:

2014ko ekaina

Orabideko Erreka eta Arxuriko Zohikaztegia

Azken 5.000 urteko informazioa gordea duen altxorra

Nafarroako iparraldeko muturrean, Baztan eta Urdazubi artean, sorgin, lamia eta iratxoei buruzko kondaira ugariko lurretan, historiaren oihartzunez, fede-dogmaz eta herri-jakintza handiz zipriztindurik, informazio-iturri guztiz baliosa topatuko dugu gure iragana ezagutzeko, behialako natura guztiz bertzelakoa zela jakiteko. Izan ere, Orabideko errekako zohikaztegi moldeko eremu hezeek, eta batez ere, Arxuriko zohikaztegiak, azken 5.000 urte honetako informazioa ematen digute. Hortaz, arras baliosak dira biodibertsitatearen, geologiaren eta historiaren ikuspegitik. 

Droseraren lorea Lander Goñi Irigoyen

Zohikaztegiak urpean dauden tokietan sortzen dira, ingurune hotz eta hezeetan, landare deskonposatuen hondarren gainean hazten diren beste landare-ehun batzuk metatzearen ondorioz. Horrela, landare hilen geruzak sortzen dira, bata bestearen gainean, eta denboraren poderioz, milaka eta milaka urtean, lodiera hainbat metrotakoa izaten da. Arxurikoak, zehazki, 50 metro inguru omen ditu; beraz, Nafarroako handienetako bat da. Gaurkoan, informazio klasifikatuko artxibategi horietako batera joko dugu, landaretzaz, klimaz eta paisaiaz gehiago jakiteko. Hortik heldu zaie balioa, eta ingurune horiek kontserbatzeko tema.

Baina historia jakiteko leku garrantzitsuak izateaz gain, paraje hain bitxi honek garrantzi handia ere badu bestelako natur balioak ere gordetzen dituelako, 191 hektareakoa soilik izanagatik ere. Izan ere, lekuaren alde garaietan, pagadi eta hariztietan, zuhaitz heldu eta lepatu ugari daude. Behealdeetan, berriz, erreka ondo-ondoko haltzadi ugariak lagungarriak dira erreken ibilgua erregulatzeko eta higadura geldiarazteko. Errekatik hurbileko inguruneetan, Soldanela villosa espezie goiztiarra hazten da, arras lore bakana eta balio handikoa.

Nafarroan, bost landare haragijale daude erroldatuta, eta haietariko lau, naturgune honetako zohikaztegi-eremuetan aurkituko ditugu. Landareok lurzoru istiltsuetan hazten dira, fotosintesia egiten dute, baina intsektuak harrapatzen dituzte, hazteko. Drosera familiako eguzki-ihintza eta ihintz-belarra dira. Baina izen xarmangarri horiek izanagatik ere, intsektuak harrapaturik gelditzen dira uren gisako tantetan. Euli-harrapatzailea izeneko landarea ere lehian aritzen da besteekin hamaiketako ederra egiteko.

Burtaina ttipia bizi da erreka hauetako uretan, ezkatarik gabeko arraina, baita errekako lanproia ere, bi bizkar-hegats elkarri lotuta dituena. Martin arrantzale estilizatu eta azkarrak hegan egiten du erreken gainean, baita ur-zozoak ere, biak ere beren harrapakinen zelatan. Harrapakinek ez dute ihesbiderik erreka hauetako ur gardenetan.

Arxuriko zohikaztegia GN & BIO.GAN-NIK
Sorgin-orratza (Onychogonphus uncatus) Lander Goñi Irigoyen

Ez dator mendigoizale eta txangozale aunitz inguru hauetara, nahiz eta bide egokiak egon kontserbazio bereziko eremu honetan barneratzeko. Adibidez, Infernuko Errota izeneko bidexka Lekaroztik Orabidera doan errepideko 15. kilometrotik abiatzen da.

Mendiotan behi- eta ardi-aziendak bazkatzen dira. Latxa arrazako ardiak dira, arras egokiak artzain gazta goxo-goxoak egiteko. Kortariko Gasna gaztandegiak, konparaziora, bisita gidatuak eskaintzen ditu.

Hona naturgunea alderen batean zeharkatzen duten hainbat ibilbide:

  • SL-NA Ibañeta: Urbiko lepotik abiatuta Arxuriko lubetaraino, inguruko kaskoen bidez inguratuta. Bidean hainbat trikuharri daude. Berrikitan balizatua, informazio-panelak ere paratu dira.
  • PR-NA 90 Sorginen Bidea: Urdazubitik Zugarramurdira, eta herri horretatik Aitxuria kaskora, aitzineko ibilbidearekin lotzeko.
  • Igoerak: Alkurruntz mendira (932 m) Otsondoko mendatetik, eta Aitxurira (756 m) Urbiko lepotik, Arxuriko lubetan gaindi.

Argibideak

Usin-belarraArnica montana GN & BIO.GAN-NIK
Image
Orabideko erreka GN & BIO.GAN-NIK
Image
Hypericum elodes GN & BIO.GAN-NIK
Image