Aritzakun-Urritzate-Gorramendi
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztien Babesgune Berezia (HBB).
Baztan. Aritzakun eta Urritzate ibarrak daude sarturik, baita Gorramendi mendigunea ere.
6.032,48
380 - 1.072
Atlantikoa
2014ko ekaina
Itxusiko natura-erreserba (RN-2); Irubetakaskoko natura-erreserba (RN-4); Iparlako Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-1)

Aritzakun-Urritzate-Gorramendi
Baztango zoko-moko gordeak
Aritzakun eta Urritzate bi ibar dira, biak ere Gorramendi mendigunearen oinetan, urrun, bakarturik, bare, sosegua dariela. Oihan sarriak dira nagusi, eta goroldioa dago nonahi Nafarroako naturgunerik hobeki kontserbatuenetako batean. Giro lasaiaren azpian, mundu zoragarri bat dago kukutua.

Pagadi eta harizti gaitz, hostotsu eta sarrien artean, errekak eta leku irekiak tartekatzen dira, hau da, sasitzak eta bazkalekuak. Iduri du denboran gibelera egin dugula. Leku basa, interes botaniko handiko landareen gordelekua; horien artean, haltzadiak aipatu behar dira, edo Soldanella villosa espeziea, hau da, kantauriar eta euskal eremuan berezkoa den udaberri-loreen familiako landare bat; edo Vandesbochia speciosa izeneko iratzea, hots, leku ospel eta arras hezeetan bizi den iratze mehatxatua; edo Era Tertziarioko landaretza, hau da, duela 60 milioitik gora urte, Europako mendebaldeko oihanetan hazten zen flora.
Aritzakunen eta Urritzaten, anfibioak (uhandre piriniotarra, kasu), intsektuak (arkanbelea, adibidez) eta ugaztunak (desman piriniotarra) bizi dira, bai eta Quimper barraskilo pikardatua, kaltebera eta babestua; hostoak jaten ditu, eta batez ere, zur hilean topatzen dituen onddoak. Inguru honetan, gainera, bi natura-erreserba daude: Itxusiko haitzak eta Irubelakaskoa. Lehen toki horretan harkaitz zorabiagarriak daude, eta handik aireratzen dira sai arreak, ugatzak eta beste harrapari batzuk.
Azken urteotan, gero eta azienda gutxiago badabil ere, oraindik bada abere kopuru nabarmenik bazkan, hemengo arrazakoak, gainera. Horien artean, pottokak, hau da, zaldi-arraza autoktonoa, Paleolitotik honat gure mendi eta ibarretan bizi izan dena. Halaber, latxa arrazako ardiak, eta Itxusiko Haitzetan jauzika dabiltzan ahuntzak.
Iraganaren aztarnak
Gaur egun, ia ez da bordaririk zoko honetan, baserri gehien-gehienak hutsik eta hertsirik baitaude. Lehenago, ordea, familia aunitz bizi izan ziren paradisu galdu honetan, XX. mendearen erditsura arte. Aritzakunen, konparazio batera, oraindik ere zutik daude eskola eta pilotalekua, horren urrun ez dagoen garai baten lekuko. Hurbil-hurbil, Urreputzuko iturria dago, eta hantxe ere, erromatarren garaiko ustezko meategi baten hondarrak. Aditu batzuen arabera, eta izenak berak dioen bezala, hura urrezko putzu bat omen zen, erromatarrek ustiatua eta lamiek zaindua. Lamiak izaki mitologikoak dira eta erreka bazterretan bizi omen ziren; gizonak erakarri, limurtu, eta galbidean paratzen omen zituzten.


Urritzate zoko gordea da, egiazki. Bidegorrieta baserrian, adibidez, 2006ra arte ez zen argi elektrikoa piztu. Ehun urtetik gorako oihan ederretan, Basajaunaren istorioak entzunen ditugu, edo Tartalori buruzko kontakizunak, euskal mitologiako ziklope nagusia baita, alegia. Era berean, kontrabandisten oihartzunak iritsiko zaizkigu, Erratzu eta Bidarrai (Lapurdi-Frantzia) arteko galtzada zaharra baliatzen baitzuten gaueko lana egiteko, hots, salgaiak isilean garraiatzeko.
Badira hainbat ibilbide labur Aritzakun eta Urritzate ezagutzeko, eta hainbat bidek inguruko kasko nagusietara eramanen gaituzte. Hortaz landara, Pirinioak Iparraldetik zeharkatzen dituen GR-10eko bi etapa ditugu (Baigorri-Bidarrai eta Bidarrai-Sara), eta errepide mehar bat Otsondoko mendatetik Gorramendiraino joateko.
Gorramendi mendigune handia da. Kaskotik, sekulako ikuspegia agertuko zaigu noranahi: Baztango eta Iparraldeko lurralde gehienak, Kantauriko itsasertza eta beste. Baina, horrez gain, ez dira gutxi gero historiaurreko gizakiak eraikitako iruinarri eta harrespilak. Han ere, 50eko urteetan egindako base amerikarraren hondakinak ikusiko ditugu.
Araudia
- 47/2014 FORU DEKRETUA, ekainaren 11koa
- Kudeaketa-plana: Diagnosis Plan de acción Indicadores
- Kartografia: Mapa de municipios Mapa de hábitats
Argibideak
- Prentsa-oharra, 2014-7-24: Nafarroak kontserbazio bereziko beste 9 eremu izendatu eta haien kudeaketa-planak onetsi ditu





