Escuderako putzua

Informazioa/Mapa

Escuderako putzua

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Alesbes

Azalera (Ha):

157,99

Altitudea (m):

270 - 291

Bioeskualdea EB:

Mediterraneoa

Izendapen-data:

2006ko ekaina

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Badina Escudera izeneko lekune naturala (EN-8)

Escuderako putzua

Apoarmatuen lurraldea

Aragoi ibaitik kilometro gutxira, hainbat urmaelek Badina Escudera izeneko hezegunea osatu dute. Urmaelen ertzetan kanaberadiak eta belardiak hazten dira. Inguruan, berriz, arto-sailak eta bestelako alorrak. Hezegunean kumeak hazten dituzte apoarmatu istilzaleek, ahateek eta zankaluzeek. Beste hegazti batzuk hemengo lezkadietara etortzen dira negu pasa.

Koartza hauskaren kolonia Eduardo Blanco Mendizábal

Badina Escudera naturguneak bi ibarbide paralelo hartzen ditu Alesbesko lurretan. 53 hektarea baino gehixeago dira, Aragoi ibaiaren ezkerraldeko ertzaren eta Errege Bardearen artean. Ez da urmael bakarra, lau baizik, bi AP-15 autopistaren alde bakoitzean, errepideak naturgunea estutu eta bitan banatu duelako.

Inguru honetan, ura lur buztintsuen eta lohitsuen gainean metatu, eta hezegune endorreiko bat osatu du; hau da, ur-ibilguekin loturarik ez duen hezegunea. Baldintza naturaletan, eremu hezeek denboraldi baterako soilik iraunen zuten, hainbat arrazoi direla medio: euri gutxi, lurzoru mota, eta agorraldiko lurrunketa handia. Gizakiak, ordea, sakon eraldatu du ingurua, azken urteotan. Izan ere, 1989tik aitzina, hezegunea ia bere osoan dago alor ureztatuz inguratua; aspertsioz ureztaturiko arto-sailez, batez ere. Bada, ureztaketa-ur soberakina hezegunea elikatzen duen akuiferora doa.

Urmaelek metro bat edo bi dituzte sakoneran. Ekialdeen dauden bietan, landare urtarrek osaturiko belardi interesgarri bat hazten da, uren kalitate onaren seinale. Haien artean, Ruppia maritima espeziea nabarmendu behar da, Nafarroako hezegune mediterraneoetako komunitaterik handiena baitago leku honetan. Izenean ageri den “itsas” hitz horrek ez du esan nahi jatorriz itsasokoa denik, baizik eta gatz maila handia onartzen duela, eta egia esan, gatza ugaria da Badina Escuderako uretan.

Urmaelen inguruan, lezkadiak dira nagusi, Nafarroako hezegune mediterraneoetan hain ohikoak diren bezala, baina hemen ihitoki eta milazka batzuekin batera, ez oso zabalak baina ongi kontserbatuak. Gainerakoan, bestelako landareak hazten dira, hala nola askimotza, bai eta hezeguneetako eta ingurune gazietako berezko beste belar batzuk ere. Haietan hegaztiak eta inguruko etxaldeetako behiak elikatzen dira.

Apoarmatu istilzalearen etxea

Badina Escuderan Nafarroako apoarmatu istilzalearen populaziorik handienetako bat bizi da.  Batasunaren interesa duen dortoka txiki bat da. Korronte apaleko urak eta landaretza ugaria maite ditu, haietan bere burua segurua ikusten duelako. Hemen ere anfibioak bizi dira, hala nola uhandre marmolairea, apo lasterkaria, txantxikua eta ur-igel arrunta, eta pare bat ugaztun, biak ere mehatxatuak: bisoi europarra eta igaraba. Erretenei, berezko ibilguei eta belardi hezeei esker, bi espezie horiek Aragoi ibairaino joaten dira; beraz, aukera handiagoa dute bizirik irauteko. 

Odonatoa Eduardo Blanco Mendizábal
Badina escudera Eduardo Blanco Mendizábal

Badina Escuderan ez da arraroa izaten koartza gorri eta hauskarak hegan egiten edo ertzean pausatuta ikustea, landaretzaren babespean, harrapakinaren bat harrapatzeko prest. Zailagoa da, ordea, amiltxori txikia ikustea. Koartza txikia da, usoaren tamainakoa doi, arrea, lezkadian ederki mozorrotzen dena. 

Koartzekin batera, Badina Escuderan kumeak hazten dituzte kopetazuriek nahiz zankaluzeek,  bai eta zingira-mirotz eta ahate aunitzek ere, hala nola murgilari arruntak eta basahateak. Hegazti asko, halaber, leku honetara etortzen dira negu pasa edo, migrazio garaian, atseden hartzeko eta jateko. Adibidez, badira koartzatxo itzainaren eta zingira-mirotzaren lotokiak, eta zingira-berdantza txori ttikia ere agertu da hala pasan nola negu pasa, baita ugalketa ondoko garaian ere. Pasa garaian hemen geldialdi bat egiten duten hegaztien artean, udako zertzeta aipatuko dugu, hau da, hezegunera maiz etortzen den ahate gisako bat, bai eta urretxindorrak, benarrizak edota buztangorri argiak ere.

Badago BTT ibilbide labur eta erraz bat urmaeletan barna ibiltzeko eta hegazti batzuk ikusteko 
 

Argibideak

  • Prentsa-oharra, 2016-11-23: Pitillasko Aintzira, Pulguerko Urmaela eta Badina Escudera hezeguneak kontserbazio bereziko eremu izendatu dira

Panurus biarmicus Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Apoarmatu istilzaleen kumeak Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Koartza hauskara hegan Lander Goñi Irigoyen
Image
Apoarmatu istilzale (Emys orbicularis) Eduardo Blanco Mendizábal
Image