Errege Bardea
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)
Arguedas, Buñuel, Cabanillas, Caparroso, Zarrakaztelu, Fustiñana, Melida, Murillo el Cuende, Santakara, Tutera, Valtierra eta Errege Bardea.
58.442,54
247-660
Mediterraneoa
Parte Naturala 1999an izendatu zen, baina barean dauden natura-erreserbetako batzuk 1987az geroztik dira; Caídas de la Negra, adibidez. 2006an izendatu zen Natura 2000 Sareko naturgune.
Santa Agatako Pinudia lekune naturala (EN-4); Vedado de Eguaras natura-erreserba (RN-31); Rincón del Bu natura-erreserba (RN-36); Caídas de la Negra natura-erreserba (RN-37); Bardeako Parke Naturala (PN-3)

Errege Bardea
Basamortu itxurako paisaia harrigarria
Errege Bardea izeneko eremuan basamortu itxurako lur biluziak, hezeguneak, pinu alepoko baso bat eta nekazaritza alorrak aurkituko ditugu. 42.000 hektarea baino gehiago ditu, leku bitxia benetan (45 km iparraldetik hegoaldera, eta 24 km, mendebaldetik ekialdera). Lur zabal hau ardibideek eta bestelako abelbideek zeharkatzen dute. Beraz, horrek esan nahi du aziendak garrantzi handia izan duela mendez mende.

Nafarroako hegoaldean, Ebroren sakonunea esaten zaion eremuan, estepa iberiarraren adibiderik onenetako bat dugu, Aragoiko Monegros parajearekin batera. Higadurak ederki zizelkatu du erliebea (urak, batez ere), hiru eremu sortuta. Eremu horietako bakoitzak bere ezaugarriak ditu: iparraldean eta mendebaldean, El Plano esaten zaion meseta edo ordoki handi bat; hegoaldean, Bardea Beltza; eta erdigunean, aurreko bi eremu horiek zedarrituta, Bardea Zuria izeneko sakonune handia, arras higatua. Lurzoruan buztinak, kareharriak eta hareharriak dira nagusi, ia ez dago landaretzarik, eta euri gutxi egiten du, baina egiten duenean, sekulako erauntsiak izaten dira. Baldintza horietan, urak azkar eta indarrez egin du bere lana. Horren ondorioz, sakan ikusgarriak osatu dira, hala nola Barranco Grande eta Cortinas deritzenak. Urak, halaber, buztinezko ordoki edo lautadak sortu ditu, hareharrizko edo kareharrizko goi-geruza batek estaliak; ordoki horiek handiak badira, “plana” esaten zaie (Ralla, Alfarillo) eta txikiak badira, berriz, “cabezos”, hau da, buruak (Piskerra, Castildetierra, Rallón). Zalantzarik gabe, erliebe bitxia da, eta ohi ez bezalako paisaia horrek erakarrita, pelikula eta publizitate-iragarki asko filmatu dira Bardean.
Bardeako bazterretan, estepako fauna eta landaretza interesgarria da nagusi. Horrela, landaretzari dagokionez, gehienbat, larreak eta sasitza mediterraneoak aurkituko ditugu; esate baterako, elordiak, milazkak, artemisia belarzuriak, sisalloak eta ipuruak. Belar-landareen artean, berriz, Salicornia patula edo belar gazia dago, lur gazietan hazten baita. Hegoaldean, lurra ilunagoa da, Bardeako baso bakarrak hazten baitira, pinu beltzeko basoak dira, Caídas de la Negra izeneko natur erreserban.
Hegaztien artean, badira ehun espezie baino gehiago; horien artean, 24 harrapari-espezieak dira nabarmentzekoak, bai eta estepa-hegaztiak ere, hala nola basoiloa, basoilo txikia eta atalarra. Ugaztunen artean, saguzarrak, azeriak eta basakatuak aipatuko ditugu. Ur baltsa edo idoietan, Graels barboa bizi da; eguteran, berriz, lataste sugegorria dabil sigi-saga edota eskinko bostatza ezkutatzen da, hau da, Nafarroako beste leku batzuetan bizi ez den sugandila.
Errege Bardea izeneko parajea Natur Parkea eta Biosferaren Erreserba izendatua dago, bertako biodibertsitatea eta pasaia berezia zaintzeko. Parkearen barnean hiru erreserba natural daude: Vedado de Eguaras izenekoa 500 hektarea inguruko zirku bat da, eta bertan, Peñaflor gazteluko hondakinak daude. Rincón del Bu parajeak, berriz, hontz handiari zor dio izena, hango haitzebakietan hazten baititu kumeak, eta Caídas de la Negra, desnibel handiko sakanez betea dago.


Transhumantziaren garrantzia
Errege Bardean ez dago herririk, baina aziendak aspaldi-aspalditik erabili ditu lur horiek guztiak bazkatzeko. Izan ere, Nafarroako errege-erreginek Bardeako bazkalekuen aprobetxamendua eman zieten Erronkaribar eta Zaraitzuri, musulmanen aurkako borrokan aritu izanaren ordainez. Horrela, ardiak Bardeara eramateko bideak sortu ziren, hala nola Erronkariarren Ardibidea. Garai batean, 300.000 ardi ere aritu ziren bazkan Bardean, erdiak Pirinioetako ibarretatik joandakoak.
Gaur egun, ardiak oraindik ere irailaren 18an sartzen dira Bardeara El Paso esaten zaion lekutik, baina buru gutxiago etortzen dira. Aldi berean, lehorreko nekazaritza-alorrak zabaldu eta lurrak sistema tradizionalarekin erabiltzen dira: urte batean, zereala, eta hurrengoan, lugorria. Gaur egun, Bardeako lurren erdia erabiltzen da nekazaritzarako.
Bardeako Komunitatek kide asko ditu. Hona hemen: Erribera Garaiko 11 udalerriak; Tuterako Erriberako 8ak, Zaraitzu eta Erronkaribar, eta La Olivako monasterioa. Komunitateak nekazaritza, abeltzaintza eta bestelako aprobetxamendu txikiagoak erabiltzeko eskubidea dauka.
Araudia
- 120/2017 FORU DEKRETUA, abenduaren 27koa
- Kudeaketa-plana: Diagnosis Plan de acción Indicadores
- Kartografia: Mapa de municipios Mapa de espacios Mapa de Zonas prioritarias Mapa de hábitats. Hoja 1 Mapa de hábitats. Hoja 2 Mapa de hábitats. Hoja 3 Mapa de hábitats. Hoja 4 Mapa de hábitats. Hoja 5 Mapa de hábitats. Hoja 6 Mapa de hábitats. Hoja 7 Mapa de hábitats. Hoja 8 Mapa de hábitats. Hoja 9 Mapa de hábitats. Hoja 10 Mapa de hábitats. Hoja 11 Mapa de hábitats. Hoja 12 Mapa de hábitats. Hoja 13 Mapa de hábitats. Hoja 14 Mapa de hábitats. Hoja 15 Mapa de hábitats. Hoja 16 Mapa de hábitats. Hoja 17 Mapa de hábitats. Hoja 18 Mapa de hábitats. Hoja 19 Mapa de hábitats. Hoja 20 Mapa de hábitats. Hoja 21
Argibideak
- Tuterako Turismo Bulegoa
- Turimo webgunea
- Prentsa-oharra, 2017-12-27: "Errege Bardea” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu da.





