Las Cañas Urtegia
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)
Viana
178,82
374 - 396
Mediterraneoa
1987an izendatu zen natura-erreserba, eta 2006ko uztailetik aurrera KEB da.
Las Cañas edo Salobreko Urtegia natura-erreserba (RN-20)

Las Cañas Urtegia
Lezken arteko bizitza
XVI. mendean alorrak ureztatzeko sortua, denboraren joanean, garrantzi handiko natura-erreserba bihurtu da. Izan ere, urtero, milaka hegazti pausatzen dira Las Cañasen migrazio-bidaia luzeetan. Beste aunitzek hezegune hau aukeratzen dute negua emateko. Halaber, animalia ugarik (ez hegaztiek soilik) aintzira hau dute bizileku.

Las Cañas urtegia izeneko Kontserbazio Bereziko Eremuak 178 hektarea ditu luze-zabaleran, eta Vianako hirigunetik oso hurbil dago, Errioxarekiko mugan. Tokiari Salobre urtegia ere erraten zaio, paraje horren izena baita. XVI. mendean sortu zen, Pedro Sáez de Viguerak alorrak ureztatzeko urmael bat egin zuenean. Gero, Udalaren jabetzapera pasatu zen. XIX. mendearen akaberan, Vianako Udalak toki horretan bertan urtegi bat eraiki zuen (“Pantano Viejo” edo urtegi zaharra), eta 1944an urtegi berria erantsi zitzaion, biak ere erdiko dikeak bereizita.
Las Cañas aintziraren sakonera nekez da hiru metrokoa, eta 80 hektareako azalera dauka. Lurpeko urek, euri-urek eta, batez ere, Longar errekak, elikatzen dute hezegunea. Horri esker, urtean, batez beste, 0,7 hm3 ur izaten ditu.
Lekuak balio handia ematen dio inguru horretako ingurumenari, bai eta oro har Nafarroari ere, eta gainera, hasierako xedea betetzen du, Vianako nekazariak urez hornitzen baititu bi ureztapen-irteeren bidez; bana urtegiko. Beste urtegi batzuek bezala, honek ere higadura kontrolatzen laguntzen du. Logroñotik hurbil dagoenez, presa handiei buruzko Errege Dekretuan dago sarturik. Dekretuak, zehazki, horrelako azpiegituren uholde-arriskuak arautzen ditu.
Koartzen paradisu eta zingira-berdantzaren aterpe
Las Cañasek gehiago iduri du berezko aintzira bat urtegi bat baino, hainbat arrazoi direla medio: urtegiaren forma irregularra delako, eta inguruan lezkak, ihiak, milazkak eta bazkalekuak dituelako. Izugarria da landareetan eta animalietan duen aberastasuna. Hori dela eta, 1996an, nazioarteko garrantzia duten hezeguneen artean sartu zen, Pitillasko Aintzirarekin batera.
Hemen, koartza hauskarak hazten ditu kumeak (metro eta erditik gorako hego-zabalera dauka), bai eta koartza gorriak ere; bigarren hau ez da lehenbiziko hori bezain handia eta ardo-kolorekoa da. Txori zezena koartza-espezie mehatxatua da Nafarroan eta Iberiar Penintsulan. Negu batzuk aintziran ematen ditu edota geldialdia egiten du migrazio garaian, baina nekezago ikusiko dugu, herabetia baita, eta lumaje arrea du; beraz, aise ezkutatzen da lezkadian.


Koartzez gain, beste hegazti aunitzek geldialdi laburrak egiten dituzte migrazio-bidaian, baina beste espezie askoren bizilekua ere bada. Bidaian pausaldi bat egiten dutenen artean, arrano arrantzalea da nabarmentzekoa, bai eta mehatxupeko hiru espezie ere: ahate gorrizta, uroilanda pikarta eta ur-benarriza. Halaber, hegazti batzuk negu pasa etortzen dira, hala nola zingira-mirotzak, hegaberak, kopetazuriak, basahateak, murgilari arruntak edota zertzetak. Hainbat hegazti kumeak haztera etortzen dira: horien artean, txirritxo txikia, ahate gorrizta eta zingira-berdantza. Azken txori ttiki horren txioa sarkorra eta malenkoniatsua da. Bere populazioa gainbehera etorri da izugarri Iberiar Penintsulan, azken hamarkada hauetan. Viana du azken gotorleku Ebroren ibar guztian, hemendik Lleidako Utxesako istingadira bitarte.
Aintziraren inguruetan, halaber, hegan egiten dute Gomphus simillimus burruntziak, gorputz hori-beltza duenak, eta Gomphus caerulescens izeneko txitxi-burruntzi edo sorgin-orratz urdinak. Las Cañasko uren, larreen eta lezken artean, apoarmatu istilzalea, uhandre marmolairea eta zuhaitz-igel arrunta bizi dira, eta era berean, mehatxaturik dauden ugaztunak, hala nola bisoi europarra eta igaraba.
Bidexka batek hezegunea inguratzen du. 4,5 kilometro ditu eta toki ederra da Las Cañasi darion bizia ikusteko, eta batez ere, entzuteko. Aintzira ondoko muino batean, “El Bordón” hegazti behatokia dago, urtero hiru milatik gora lagunek bisitatua. Prismatikoak eta teleskopioak uzten dituzte hegaztiak ikusteko, eta inguruko landaretzari nahiz espeziei buruzko argibidea ematen da.
Araudia
- 36/2016 FORU DEKRETUA, ekainaren 1ekoa
- Kudeaketa-plana: Diagnosis Plan de acción Indicadores
- Kartografia: Mapa topográfico Mapa de municipios Mapa de espacios Mapa de hábitats
Argibideak
- Nafarroako Turismo webgunea
- Prentsa-oharra, 2016-6-1: Kontserbazio bereziko eremu izendatu dira Las Cañas Urtegia eta Estanca de los Dos Reinos


