Dos Reinosko aintzira
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztien Babesgune Berezia (HBB).
Zarrakaztelu
31,79
372 - 380
Mediterraneoa
HHB 1990eko abendua; KEB 2016ko ekaina
Laguna de Dos Reinos lekune naturala (EN-13)

Dos Reinosko aintzira
Adiskidetasunaren habia
Zarrakazteluko hezegune txiki hau gizakiak egina da, 50eko hamarkadaren bukaeran. Aragoiko mugan dago, Errege Bardeatik hurbil. Kontserbazio Bereziko Eremuak 30 hektarea baino gehixeago ditu; horietatik urmaelak 20 ditu. Sakontasun gutxikoa da, alderik sakonena 1,60 metrokoa baita.

Urmaeleko maila hidrikoa uholde-maila handienetik hurbil dago urte osoan (0,2 hm3). Udazkenean eta neguan, euri-ura nahikoa izaten da maila horri eusteko. Udaberrian eta udan, ordea, alorrak ureztatzen direnean, erreten baten bidez sartzen da ura urmaelera; erretena Bardeako Ubidearen ureztapen-sareari dagokio. Figarolgo Ureztapen Sindikatuak baimena ematen du ureztapen-ur soberakinak sartzeko, ur-mailan izan daitezkeen jaitsierak berdintze aldera.
Hezegunea kontserbatzeko balio nagusia hegazti urtarrak dira. Izan ere, hegaztiontzat funtsezkoa da habitat jakin batzuk izatea naturgunean, eta habitat horiek mantenduko badira, batetik, hezegunean uholde-maila handia behar da, eta bestetik, uraren kalitateak ezin hobea izan behar du.
Hori guztia funtsezkoa da bai urmaelarentzat berarentzat, bai hari lotutako landare eta animalientzat. Baina, horretarako, ez dirudi aski denik inguruko ureztatzaileek beti erakutsi duten borondate ona; hau da, uraren kalitatearen jarraipen handiagoa egin beharko litzateke, eta beharrezkoa balitz, neurri zuzentzaileak hartu.
Dos Reinosko urmael honetan, txori zezena eta amiltxori txikia bizi dira, bai eta koartza gorria eta hauskara ere. Eta urte osorako bizilekua ere bada basahate, kopetazuri, uroilanda handi eta zingira-mirotzarentzat. Neguan, zertzeta arrunta, ahate mokozobala, murgilari arrunta, ipar-ahatea eta ahate txistularia ikusiko ditugu. Eta migratzaileen artean, antzara hankagorrizta eta uroilanda pikarta aipatu behar dira. Azkenaldi honetan, kurrilo populazio ugaria finkatu da hemen eta inguruetan.
Ia ez dago urpeko landarerik, baina urmaelaren inguruko landaretzak natur balio handia du, uretako hegazti horiek guztiak landaretza horri esker bizi baitaitezke. Ingurumeneko balioari begira, ihitokiak nabarmendu behar dira, zerrenda etengabea eta trinkoa osatu baitute hezegunearen inguruan, baina lezkadiek eta ezpata-belarrek dute zabalerarik handiena.
Hegazti urtarrez gain, anfibioak ere badira; horien artean uhandre marmolairea, apo ezproidun arrunta eta apo lasterkaria dira nabarmentzekoak. Narrastien artean, berriz, apoarmatu istilzalea aipatuko dugu, baina ez dugu daturik 80ko hamarkadatik aurrera bizi izan ote den.

Ugaztun aipagarrienak igaraba eta bisoi europarra dira. Izan ere, aintzira honetako eta inguruetako bisoi populazioari esker, espezieak Aragoiko lurrak kolonizatu ditu. Gogoratuko dugu mehatxupean eta galzorian dagoela.
2011n, Figarolgo Amigos de la Laguna Dos Reinos elkartea sortu zen, eta orduz geroztik, ekitaldiak antolatzen ditu jendea sentsibilizatzeko, ikasleei naturgunearen balioak erakusteko eta ingurumeneko boluntariotza bultzatzeko. Lan horri esker, urmaelean orain bada harrera-leku bat, ongi hornitua: hau da, aparkalekua, mahaiak, aulkiak, barbakoak, etab. Bidexka batek naturgunea inguratzen du. Halaber, bertako aterpean hitzaldiak, ikastaroak, etab. ematen dira. Bi behatoki ere badira: Torre Caracol, aintziratik urrutien dagoena eta paisaiari buruzko ikuspegi orokorragoak dituena, eta hegaztiak ikusteko etxola, inguruko bidexkan kokatua, urmaelaren ondoan.
Araudia
- 37/2016 FORU DEKRETUA, ekainaren 1ekoa
- Kudeaketa-plana: Diagnosis Plan de acción Indicadores
- Kartografia: Mapa topográfíco Mapa de municipios Mapa de espacios Mapa de hábitats
Argibideak
- Tuterako Turismo Bulegoa
- Prentsa-oharra, 2016-6-1: Kontserbazio bereziko eremu izendatu dira Las Cañas Urtegia eta Estanca de los Dos Reinos


