Pitillasko Aintzira
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztien Babesgune Berezia (HBB).
Pitillas eta Santakara
523,76
354 - 360
Mediterraneoa
HHB 1990eko abendua; KEB 2016ko ekaina
Pitillasko Aintzira natura-erreserba (RN-27)

Pitillasko Aintzira
Natura-erreserba eta Nazioarteko Garrantziko Hezegunea
Uxueko mendiaren magalean, estepa-paisaiaren erdian, hezegune bat da nabarmentzekoa, 216 hektareakoa luze-zabaleran, hegaztiz betea. Pitillasko Aintzira leku ezin hobea da txori zezen, mirotz, tximutx, antzara, koartza eta beste hegazti batzuentzat, toki ederra baita babestu eta elikatzeko, bai uretan, bai lezkadian, bai inguruetan.

Erriberako Pitillas herritik 3 km-ra kokatua, izen bereko aintzira hau estepa motakoa da, jatorriz endorreikoa, hau da, ez du ibai-irteerarik itsasora. Gisa horretako aintzirarik handiena da Nafarroan eta, garrantzitsuenetako bat, Ebroren Ibarrean.
Nekazaritza-alorrekin batera (zereal-soroak, gehienbat), inguruan artemisia belarzuriak, belarrak, erromeroak eta ezkaiak hazten dira oparo, baina leku honetako altxorrik handiena hegazti urtarrak dira, leku paregabe honetara etortzen baitira negua pasatzeko edo ugaltzeko. Leku hauta da, gainera, mendebaldeko Pirinioetako bidean barna migratzen duten hegazti aunitzen atsedenerako eta elikadurarako.
Aintzira berez sortu zen, baina mendez mende gizakiak aldaketak eragin dizkio. 60ko hamarkadan, adibidez, gizakiak Pitillasko aintzira lehortu zuen, baina ingurua arras idorra denez eta lurren gazitasuna ikusita, nekazariek 1976an lurra lantzeari utzi, eta handik aurrera, eremua berez bilakatu da, lehengoratu da. Balio ekologiko handia aitortu zaio legez, Natura Erreserba (1987), Hegaztien Babesgune Berezia (1991) eta Nazioarteko Garrantzizko Hezegunea (1996) baita.
Makina bat espezie negutar dago Pitillasen; besteak beste, txilinporta lepabeltza, zingira-mirotza, koartza hauskara, zertzeta arrunta, kopetazuri arrunta, antzara, ahate mokozabala eta basahatea. Bi hegazti nabarmentzen dira, dena den, besteen artetik, aintziran erruz dabiltzalako, txori zezena eta tximutxa. Lehenak lezkadia aprobetxatzen du; bigarrenak, berriz, landaretza zingiratarra, martxotik ekainera habia egiteko.
Ez da erraza, ordea, hegazti horiek ikustea. Izan ere, zezen txoriak (koartzarik diskretuena) bere lumaje arrea erabiltzen du, habia egiten duen lezkadietan ederki kamuflatzeko. Errazagoa da haren txio-txioari entzunda aurkitzea, “orro” bereizgarria baita, eta udaberriko gauetan entzunen dugu. Tximutxa, berriz, hegazti txikia da, lumaje gaztainkara argia du, isats luzea, eta bibote-itxurako orban beltzak begietatik bularralderaino. Txori hori aurkituko badugu, landaretza zingiratarraren artean bilatu beharko dugu, gustukoa baitu sisi-saga ibiltzea landare-zurtoin luzeen artean hegoei azkar-azkar eraginda.
Oraindik ere, ur-igel arruntaren kantuak entzun daitezke Pitillas aldean, baina, zoritxarrez, beste naturgune babestu batzuetan, gero eta banakagoak dira. Zenbait garaitan, era askotako burruntzi-espezie ibiltzen dira, bai eta burruntzi ugari ere.
Pitillas Tomares ballus tximeletaren hazkuntza gune bakarra da Nafarroan.
Era berean, Pitillasko aintzira beste espezie batzuen aterpea da, hala nola igarabarena, bisoi europarrarena eta apoarmatu istilzalearena.


Muino bat, behatoki bihurturik
Ornitologia zaleak eta, oro har, natura maite dutenak ugari joaten dira Pitillasera, hegazti kopuru handiak erakarrita. Urtero, 14.000 lagun bertaratzen baitira Pitillasko aintzirara, ostatu harturik dauden apopilo ederrak ikusteko eta haiei argazkiak ateratzeko. Era berean, jendea oinez ibiltzen da, uretako hegaztiek egunerokoan eskaintzen diguten ikuskizun paregabea gozatzeko.
Behatokia muino batean dago, eta oinetan, hezegune zabala. Leku bikaina da natura-erreserban babesten diren espezieen lumajea eta koloreak ikusteko. Halaber, badira hiru ibilbide auto-gidatu lekua hobeki ezagutzeko.
Edozein urtaro ona da naturgune hau ikustera etortzeko, baina, hegaztiak ikusi nahi badituzu, neguan bertaratzea komeni da. Bestalde, hazkuntza garaian, hau da, martxotik ekainera, gomendagarria da bestelako ibilbideetan barna ibiltzea, hegaztiek eta kumeei eragozpenik ez eragiteko.
Araudia
- 109/2016 FORU DEKRETUA, azaroaren 23koa
- Kudeaketa-plana: Diagnosis Plan de acción Plan de seguimiento-Indicadores
- Kartografia: Mapa de municipios Mapa de espacios Mapa de hábitats
Argibideak
- Turismo Bulegoa
- Prentsa-oharra, 2016-11-23: Kontserbazio bereziko eremu izendatu dira Pitillasko Aintzira, Pulguerko Urmaela eta Badina Escudera izeneko hezeguneak:



