Juncaleko Aintzira
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)
Tafalla
60,49
382 - 392
Mediterraneoa
2006ko uztaila
Juncaleko Aintzira natura-erreserba (RN-23)

Juncaleko Aintzira
Zalaparta hezegunean
Naturaren aldetik, erakargarria bezain ezezaguna bada ere, Tafallak landu gabeko harribitxi bat dauka. Bisitari gutxi ditu, baina gozamen hutsa da uretako hegaztientzat; koartza-kolonia handiarentzat, adibidez. Horregatik da Juncaleko aintzira ornitologia zaleen begietako ninia; toki guztiz aproposa hegaztiak ikusteko, baina begirada guztietatik urrun.

Juncaleko aintzira Erdialdean dago, Tafallan. 60 hektareako natura-erreserba da, jatorriz endorreikoa, hau da, itsasorako ibai-irteerarik gabea. Tertziarioan osatu zen, Pirinioak, Kataluniako Kostaldeko Mendilerroa eta Iberiar Mendikatea azaleratu zirenean, arro itxi bat utzi zuten erdian, itsasotik isolatua, eta han aintzira handi bat osatu zen. Mendietatik behera zihoazen ibaietako urak sedimentuz eta gatzez beterik zetozen: sedimentuak finkatzen joan, eta gatzak, berriz, atxikiak gelditu ziren, behin aintzirako ura lurrundutakoan. Lurrunketaren ondorioz, gazitasun maila handitu, eta horrek eraginda, kareharriak, igeltsuak eta gatzak metatu ziren. Horra hor aintzira azpiko igeltsuen jatorria. Geroago, komunikazio bat ireki zen Mediterraneoarekin, eta aintziraren arroa egungo Ebro ibaiaren bitartez drainatu zen.
Berezko hezegune honek hainbat ur-iturri ditu: euria, isurketa-ura (arroan atxikitako euri-ura), Resanoko iturriak dakartzan urak eta lurpeko ekarpenak. Resano iturburu txiki bat da, Monte Planoko koroan esekitako terrazatik heldu dena.
Egia da hezegunearen funtzionamendu hidrologikoa funtsezkoa dela bertako habitatak kontserbatzeko, baina, egiazko balioa aintziran babesten diren uretako hegaztietan datza. Ikusgarria da naturguneari darion bizia, eta entzutekoa modukoa, hegaztiek eragiten duten zalaparta. Txilinporten eta kopetazurien oihuak eta plisti-plastak, zingira-mirotzen lur-arraseko hegaldiak, edo koartzen mugimenduak eguneroko kontuak dira aintziran. Koartzak handiak eta lerdenak dira, eta lumajea zuri urdinxka dute. Arras hegazti taldekoiak dira; beraz, kolonia handiak osatzen dituzte, eta oso lotuak daude ur-inguruneari. Denbora gehiena uretatik hurbil edo uretan sartuta ematen dute. Hegazti negutarren artean, aipatzekoa da zingira-mirotzaren eta mirotz zuriaren etzaleku negutar garrantzitsua. Gainera, igarabak eta bisoi europarrak ere aintzira noizbehinka erabiltzen dute.


Juncaleko landaretza erabat da hezegune mediterraneoetan hazi ohi dena bezalakoa. Beraz, lezkadiak eta fenalar belardiak dira nagusiak, baina izenak berak salatzen digun bezala, badira hainbat ihi mota, hala nola ihi beltzak eta itsas ihiak, besteak beste.
Inguruan, nekazaritza-alorrak dira nagusi. Duela gutxi samar arte, lehorreko nekazaritza landu da gehienbat, baina Nafarroako Ubidea iristearekin batera, lurzatien berrantolamendua egin da, eta horren ondorioz, nekazaritza ureztatua da nagusia sektore batzuetan.
Juncaleko aintzira natura-erreserba da 1987tik aitzina, Nafarroako Gobernuak erabakita, eta halaber, hezegune interesgarria denez, Kontserbazio Bereziko Eremua ere izendatua dago.
Araudia
- 50/2016 FORU DEKRETUA, uztailaren 20koa
- Kudeaketa-plana: Diagnosis Plan de acción Indicadores
- Kartografia: Mapa de municipios Mapa de espacios Mapa de hábitats Mapa de cuenca
Argibideak
- Erriberriko Turismo Bulegoa
- Prentsa-oharra, 2016-07-20: Kontserbazio bereziko eremu izenda Juncaleko Aintzira (Tafalla)


