Etxauriko Haitza

Informazioa/Mapa

Etxauriko Haitza

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Hegaztien Babesgune Berezia (HHB)

Udalerriak:

Ziritza eta Etxauri

Azalera (Ha):

73

Altitudea (m):

500 - 825

Bioeskualdea EB:

Mediterraneoa

Izendapen-data:

1996ko iraila

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Etxauriko Harkaitzeko Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-14)

Etxauriko Haitza

Sarbileko branka

Etxauriko Haitza ederki nabarmentzen da Sarbil mendiko bizkarretik gora, buru handi bat balitz bezala. Iruñerriko mendi ezagunenetako bat da, gainera. Sai arreek eta sai zuriek hango malkarretan egiten dituzte habiak. Malkarren babesean, ibar emankorra dago Arga bazterrean, gereziondo eta mahasti ezagunez zipriztindurik.   

Buitres en vuelo Lander Goñi Irigoyen

70 hektarea baino gehixeago ditu luze-zabaleran. Beraz, naturgunerik txikienetako bat da Nafarroako Natura Sarean sarturik daudenen artean. Ziritzako ipar-ekialdeko labar malkartsu ikaragarria dago naturgune honen barnean, bai eta Soportillo eta El Rancho sakanen artean NA-700 errepideraino jaisten diren mendi-hegal zuhaiztuak ere. 

Etxauriko labar ikusgarri hori Arga ibaiko meandro itxi baten gainean dago. Bada, harkaiztietako hegaztien komunitatea da labarreko altxorrik handienetako bat. Izan ere, hormatzar horietan, oso nabarmena da sai arreen kolonia, eta gainera, sai zuriak, arrano beltzak, belatz handiak eta hontz handi batzuk ere badabiltza; zenbait bikote, zehazki. Belatxinga mokogorriak gustura dabiltza airean itzulipurdiak eginez. Zailagoa izanen zaigu, ordea, harkaitz-zozo urdinak, buztangorri ilunak, malkar-sorbeltzak eta beste txori batzuk hurbiletik ikustea. 

Mendez mende ere Bonelli arranoak (aztore-arranoa) egin du habia. Galzorian dago Nafarroan, eta gaur egun, Etxauri alde honetan ikusi ez bada ere, toki egokia da hemen bizitzeko. Horregatik, inguru hau guztia arrano mota hori leheneratzeko planetan sarturik dago.

Une jakin batzuetan, gau-saguzar ertaina izeneko saguzarra malkar hauetako barrunbe eta arrailetan bizi da; espezie urria da benetan Iberiar penintsulan.

Eskualde mediterraneoaren eta euro-siberiarraren arteko mugan dagoenez,  Etxauriko Haitzean bi bioeskualde horietako landaretzak hazten dira. Arteek (karraskak) eta erkametzek osaturiko basoak dira.  Harkaiztian, badira ezpelak, otaberak eta hego-ipuruak, eta halaber, labarraren oinean dauden harritzarretan berez hazten den flora.

Naturgune eguzkitsua izateaz gain, kareharria berotu egiten da, eta horri esker, hainbat narrasti-espezie bizi dira, hala nola gardatxoa, hegoaldeko suge leuna, aspis sugegorria, eskailera-sugea, Montpellierko sugea, eta paseriforme kopuru handia ere bai; adibidez, etze-txinboa, txinbo papargorrizta, txinbo burubeltza, txoka arrunta edo txio lepazuria.

Labarretan hazten den harkaiztietako flora behar bezala egokitua dago ingurune hauetako baldintzetan bizitzeko, intsolazio handiko bazterrak baitira, defizit hidriko handia dago, eta zailtasuna barreiaduran. Honatx espezie interesgarrienetako zenbait: miter feniziarra, Saxifraga losae, Reseda barrelieri eta inaria supina.

Amanecer en la peña Lander Goñi Irigoyen
Alimoche (Neophron percnopterus) Eduardo Blanco Mendizábal

Eskalatzeko toki hauta

Etxaurin Nafarroako lehen eskalada-eskola sortu zen. Eskalatzaile aunitz ibiltzen da malkarretan gora, hormetan 700 eskalada-bide baino gehiago baitaude, maila guztietakoak. Hala ere, kirol hori mugatua dago naturgune barneko eremu batean (Basa Fauna Babesteko Eremua), aztore-arranoak habia egiten duen epealdi kritikoan (martxoaren 1etik uztailaren 31ra); horrenbestez, ezin dira erabili habietatik 100 metrora baino gutxiagora dauden eskalada-bideak.

Baina, bestelako bideak ere badira Sarbileko kaskoraino iristeko (Hegaztien Babesgune Berezitik kanpo). Horietako batean, oinak eta eskuak erabili beharko ditugu bai igotzeko bai jaisteko. Ziritzako eskailera bihurrietan, hain zuzen. Kontuz ibili beharra dago, alboko amildegia izugarria baita; harria bustia dagoenean, batez ere. Baina, sari ederra izanen dugu kaskoan, sekulako ikuspegia inguruz inguru. Goian, Santa Kruzeko ermita dago, eta handik, besteak beste, Iruñerria izanen dugu begiradapean, Arga ibaiak galsoroen artean gurutzatua. Han ere, Erreniega mendia, eta Mortxe izeneko tontorra hurbil-hurbil; atzean, Goñerria, eta Beriain mendiaren beste profil bat, hain ezaguna ez dena. Zerua garbi dagoenean, aise ikusten dira Pirinioetako gailurrak.

Eta mendian gora doazen mendigoizaleez landara, ugariak dira txirrindulariak, Lizarra eta Iruñea lotzen dituen errepidean goiti eta beheiti. Zalantzarik gabe, ibilbide aproposa Iruñerriko txirrindularientzat, bertan baitago.

Pared rocosa Carlos Emilio Alonso Fernández
Image
Buitre leonado Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Iris Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Deporte de altura Carlos Emilio Alonso Fernández
Image