Itzaga mendia
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztien Babesgune Berezia (HBB).
Ibargoiti, Itzagaondoa eta Untzitibar
2.809,65
580 - 1.361
Mediterraneoa
HHB 1990eko abendua; KEB 2017ko uztaila
Itzaga Mendiko Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-3)

Itzaga mendia
Ikuspegi ederreko mendia
Itzaga mendia zutik ageri zaigu bere bakardadean, Itzagaondoa, Untzitibar eta Ibargoiti artean. Aspaldi-aspaldian, erdarazko agiri zaharretan, “Higa” esan zitzaion, eta leku paregabea da Iruñerria eta Agoitzaldea bere ederrean ikusteko. Sai arreak habia egiten du Itzagako harkaitzetan, eta orkidea erruz hazten da mendiko bazkalekuetan, gero eta azienda gutxiago bazkatzen delako.

Nafarroako mendi frankok dute altuera handiagoa Itzagak baino (1.361 metro), baina gutxik dituzte Itzagak adinako ikuspegiak, urrutiko bazterrak ere ikusten baitira. Izan ere, 800 metroko desnibela dauka inguruko lurrekin alderatuta. Beraz, begiratoki paregabea da, galsoroz eta herri txikiz inguraturikoa. Gailurretik ederki ikusten dira Pirinioak eta Moncayo mendia, bai eta urrun dauden Demanda eta Urbion mendilerroak ere. Mendizale asko igotzen dira tontorreraino ikuspegiez gozatzeko, eta, urtero, Itzagaondoko gizon-emakumeak erromerian joaten dira San Migel ermitaraino; XI. mendeko baseliza erromanikoa da eta kaskotik hurbil dago.
Mendiaren iparraldean harkaitz-harresi ikaragarri bat dago, 1.100etik 1.200 metrora bitarteko altueran. Harkaitzetan, belar bedeinkatua hazten da, oso ona nerbioak erlaxatzeko; han ere, arrano beltzek, belatz handiek eta ugatzek habia egiten dute, bai eta sai arreek ere. Sai arrearen Nafarroako populaziorik handienetako bat bizi da hemen.
Klima epela da, erdi ozeanikoa, erdi mediterraneoa, landaretzak ederki erakusten duen bezala. Izan ere, mendi-magaletan, haritz ilaunduneko hariztiak dira nagusi, klima azpimediterraneoko baso peto-petoak baitira. Mendiaren goialdea, berriz, pagadi tokia da, alderik hezeenak baliatuta, betiere hurritzak, astigarrak eta otsalizarrak bidelagun hartuta.


Sasi eta zuhaixken artean, ezpela da jaun eta jabea, nonahi hazten baita: hots, pagadi eta hariztien oihanpean, baso ertzean, harkaitzetan, eta otabera, ezkai, elorri-triska (ollaga) eta beste zuhaixka batzuen ondoan. Sasien artean, mosaiko bat bailitzan, bazkalekuak daude, era askotako belar-espezieez beterik: kantauriarrak, piriniotarrak eta mediterraneoak, harat-honat orkidea aunitzez zipriztindurik.
Nafarroako beste leku batzuetan bezala, Itzagan gero eta azienda gutxiago dabil bazkan. Hori dela eta, sasiak zabaltzen eta belaiak urritzen ari dira. Hala ere, oraindik badabiltza Itzagaondoko eta Untzitibarko artalde batzuk larratzen, bai eta azken ibar horretako behiren bat ere, udaberritik udazkenera. Era berean, gero eta egur gutxiago biltzearekin batera, oihana itxi egin da. Beraz, orain lasai ederrean bizi da Europako okilik handiena, okil beltza, bai eta oihanei lotutako hegaztiak ere, hala nola aztorea eta gabiraia.
Araudia
- 68/2017 FORU DEKRETUA, uztailaren 5ekoa
- Kudeaketa-plana: Diagnosis Plan de acción Indicadores
- Kartografia: Mapa de municipios Mapa de hábitats
Argibideak
- Prentsa-oharra, 2017-7-5: "Itzaga Mendia” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu da.


