Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)
Basaburua, Odieta eta Ultzama
2.274,65
510 - 700
Atlantikoa
Paisaia babestuaren izendapena 2004koa da, eta HHB, 2006koa.
Orgiko Oihaneko aisiarako natur eremua (ANR-1); Ultzama eta Basaburuko Hariztien paisaia babestua (PP-2)

Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak
Landazabal atlantikoa
Iruñetik iparraldera dauden Ultzama eta Basaburua ibarretan barneratzea landazabal atlantiko gozoan murgiltzea da. Larreak eta landare-hesiak daude tartekaturik, bai eta haritz mota batek osaturiko oihan berezia ere. Haritza Quercus robur espeziea da, hau da, haritz kanduduna, lurzoru istiltsuetan bizi daitekeena. Haietako aunitz ehun urtetik gorakoak dira.

Naturgunean Basaburuko, Ultzamako eta Odietako ibar zola batzuk sarturik daude. Nabari da gizakia bertan bizi eta bazterrak moldatu dituela. Izan ere, mendez mende nekazaritzak eta abeltzaintzak landazabaleko paisaia berezia modelatu dute Nafarroako iparraldeko erdian kokaturiko hiru ibar horietan. Bizilagunek egiten dituzten erabilerak (abeltzaintza, nekazaritza eta oihangintza) ederki moldatzen dira elkarren artean.
Landazabaleko paisaiak atzerakada nabarmena izan badu ere, oraindik nonahi dira belaze eta bazkalekuak, eta harat-honat tartekaturik, landare-hesiak, bordalde zaharren hondarrak, lursailen arteko harrizko hormak, bidexkak eta ezpondak ikusiko ditugu. Harat-honat ere erreka landaredunak eta oihan txikiak. Horra hor ingurune aunitzez osaturiko mosaiko ederra. Landazabalak, oro har, hariztiei kendutako lurretan daude. Ekosistema irekia da, era askotako animalia-espeziek erabilitakoa.
Mendez mende, landazabaleko paisaiak izan dira Europako habitatik aberatsenak, eta horrelako paisaiek ere izan dute faunarik oparoena. Gero, XX. mendeko azken erdian, atzera egin zuten nabarmen ingurune horren mendeko espezieek kontinente osoan; lehenago, espezie arruntak eta ugariak ziren. Kontua da landa-inguruneari buruzko ikuskera aldatu egin zela, hau da, ikuskera berriaren arabera, landare-hesiek, harrizko horma txikiek, zuhaitz lepatuek, oihan txikiek eta gisakoek ez zuten baliorik, eta hain zuzen ere, horiek oro funtsezkoak dira balio ekologiko handia mantentzeko.
Zuhaitz batzuk monumentu natural gisa daude katalogatuak, hala nola Jauntsarasko haritzak eta Eltzaburukoa.


Hegoaldean, Lizason, Orgiko Oihaneko aisiarako natur eremua dago, ehun urtetik gorako harizti ederra da, haritz kandudunez osaturikoa (Quercus robur), ibar zolako lurzoru istiltsuetan bizi daitezkeen bakarrak. Ale batzuk 250 urtekoak dira. Harizti horretan, halaber, badira beste zuhaitz batzuk, hala nola gorostiak, astigarrak eta zumarrak. Oihanpea ere aberatsa da zinez: belardiak, iratzeak, txilarrak, elorriak, etab.
Miru gorriak (Milvus milvus) hariztietan habia egin eta landazabalera jotzen du jana lortzeko. Gisa berean dihardute miru beltzek, zapelatzek, erle-txoriek eta aztoreek. Hemen ere hegazti txiki aunitz bizi dira, eta lagungarriak dira oso intsektu populazioak kontrolatzeko; horri esker, sistemak nola-halako oreka dauka. Batzuk aipatze aldera, txorrua, txoka, karnaba eta txirriskila arrunta, eta era berean, pitxartxarra, txantxangorria, zozoa eta hainbat berdantza-espezie.
Argibideak
- Nafarroako Turismo webgunea
- Prentsa-oharra, 2014-7-24: Nafarroak kontserbazio bereziko beste 9 eremu izendatu eta haien kudeaketa-planak onetsi ditu


