Bertizko Jaurerria
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)
Bertizarana
2.052
175 - 816
Atlantikoa
1984ko martxoan izendatu zen Parke Natural, eta 2008ko ekainean, berriz, KBE
Bertizko Jaurerria Parke Naturala (PN-1).

Bertizko Jaurerria
Okilen paradisua
Kantauriko klimari esker, Nafarroako oihanik berezienetako bat aurkituko dugu Bertizen, tenperatura leunak eta euri oparoak baitira nagusi. Okilen eta saguzarren etxea da. Jaurerriko mendi-hegalak pagadi ederrez daude jantzita, eta oihan barnean, nonahi dira Bidasora urak isurtzen dituzten erreka txiki jostariak, bai eta ur-jauziak ere.

Aizkolegi mendiko kaskotik (842 m) bere ederrean ikusiko dugu Bertizko Jaurerria Parke Naturala. Han goian, talaia zoragarri hartan, zut dirau Pedro Ziga jaunak XX. mende hasmentan eraikitako jauregi bakartiak. Hemengo oihanen artean, pagadiak dira nagusi, baina eguzkiari begira dauden hegal ertainetan ameztiak hazten dira; ibar zoletan, berriz, haritz kanduduneko hariztiak, eta ibaiertzetan, haltzadiak.
Zuhaitz helduz osaturiko oihanak dira. Ugaria da zur hila, hau da, saguzarrek, okilek eta intsektu-espezie babestu zenbaitek gogoko dutena. Izan ere, Nafarroan bizi diren okil-espezie guztiak ditugu Bertizen (okil gibelnabarra, okil berdea, okil beltza, okil ertaina, okil txikia eta lepitxulia). Horrek erran nahi du hementxe dagoela Estatuko dibertsitaterik handiena, hegazti horiei dagokienez; Jaurerriko oihanen osasun egoera onaren seinale.
Hegazti horiek abandonaturiko habietan eta zuhaitzen hutsarteetan, zenbait saguzar ezkutatzen dira, hala nola gau-saguzar handia, iparraldeko belarrihandia eta gau-saguzar txikia, zur hila jaten duten intsektuz elikatzen dena. Haren ahaide batzuek ere intsektuak jaten dituzte, baina arrailak, kobazuloak eta eraikin abandonatuak dituzte gogoko ostatu hartzeko; horien artean daude baso-saguzarra, ferra-saguzar handia eta ur-saguzarra, besteak beste.
Pagadi, txilardi eta iralekuetan basurdeak, oreinak, orkatzak eta basakatuak ere bizi dira. Erreketako ur fresko eta garbietan, berriz, desman piriniotarra, hau da, ugaztun txiki intsektujalea. Erreka bazterretan, Soldanellavillosa hazten da, hots, lurrari begira dauden lore moreetako landarea.
Abeltzaintza mendeetan izan da Bertizko aprobetxamendu nagusietako bat, baina bestelakoak ere izan dira: zura, ehiza, arrantza, eta egur-ikatza nahiz karea edo kisua egitea, kareharriak erabiliz. Azken mendean ez da zurik ustiatu Bertizen, salbuespenak salbuespen: horrela, 1950 inguruan, haritz kanduduna atera zen Cartagenan itsasontziak eta upelak egiteko; eta 1995ean, zura ere atera zen, urte hartako haizeteen ondoren.
Finka pribatutik jaurerri publikora
Leku hau Bertizko jaunen jabetzapekoa izan zen, gutxienez 1392tik aitzina. XIX. mendean, Bertiz hainbat eskutatik pasa ondoren, Pedro Ziga eta Dorote Fernandez senar-emazteek erosi zuten. Jauregia berreraikitzeaz gain, lorategi zaharra aire modernistaz eta erromantikoz jantzi zuten, pergolak, iturriak eta otorduetarako estalpeak paratuta, eta mundu zabaletik ekarritako landareak landatuta.


Halaber, oihana leheneratzen saiatu ziren, etorkizunean iraun zezan. Jaurerria Nafarroari eman zioten, eta haren izenean, Foru Diputazioari, baldintza bat jarrita: bere horretan kontserbatzea, izadiaren ezaugarriak aldatu Gabe.
1984an Parke Natural izendatu zenetik, kudeaketak funtsean paisaia eta haren osagaiak kontserbatzea izan du oinarri, eta era berean, ekosistemen egonkortasuna eta biodibertsitatea mantentzea, jarduera hezigarriak egitea eta ekosistema naturalen ikerketa sustatzea.
Milaka bisitari etortzen dira urtero Bertizko Jaurerrira, lorategi historiko-artistikoa ikusteko eta Parke Naturala zeharkatzen duten bidexka seinaleztatuetan barna ibili eta zoko-mokoak ezagutzeko. Sarreran berean, Libanoko zedro handi batek ematen dio ongietorria jendeari; monumentu natural izendatua dago. Naturaren Interpretazio Zentroa lorategi barneko Tenientetxea baserrian dago kokatua, Nafarroa osoko ekipamendurik osoenaz dago hornitua, erabilera publikoari, sentsibilizazioari eta ingurumeneko hezkuntzari dagokienez.
Araudia
- 68/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa
- Kudeaketa-plana: Diagnosis Plan de acción III Plan Rector de uso y gestión
- Kartografía: Mapas
Argibideak



