Artxugako Mendilerroa, Zarikieta eta Aretako Mendiak
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztien Babesgune Berezia (HBB).
Abaurregaina, Abaurrepea, Agoitz, Artzibar, Espartza Zaraitzu, Galoze, Gorza, Longida, Orotz-Betelu, Sartze eta Urraulgoiti.
19.530,14
640 - 1.475
Mediterraneoa
HHB, 1995eko apirila; KBE, 2017ko maiatza
Iñarbeko Arroilako natura-erreserba (RN-9);Txintxurreneko natura-erreserba (RN-10); Gazteluko natura-erreserba (RN-11); Arrala Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-5); Baigura Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-6); Illarga Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-7); Larraun Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-8); Bezeako Haitza Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-9); Itzalleko Ateak Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-10); Arrigorria Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-11); Bazabala Basa Fauna Babesteko Eremua (APFS-11)

Artxugako Mendilerroa, Zarikieta eta Aretako Mendiak
Mendi ezkutuak
Pirinioen atarian, leku baztertuan, Irati eta Urrobi ibaiek denboraren joanean zizelkaturiko oihan eta zintzurren artean, hantxe bizi dira galzorian dauden hamaika animalia, guztiak babestuak: ugatzak, zozoak, bisoiak, tximeleta deigarriak, muxarrak eta beste aunitz.

Naturgune zabal hau Zaraitzu eta Urrobi ibaiek zedarritua dago, eta barnean, Artxugako Mendilerroa, Zarikieta eta Aretako mendiak daude. 20.000tik gora hektarea dira luze-zabaleran, Agoitz, Orotz Betelu, Artzibar, Urraulgoiti, Longida Ibarra, Aezkoa eta Zaraitzuko lurretan. Irati ibaiak, gainera, alderik alde gurutzatzen du lurraldea, eta bere ibilian, Iñarbeko eta Gazteluko mendi-zintzurrak zizelkatu ditu. Urrobik, bestalde, garai batean Txintxurri meharra erraten zitzaion parajea moldatu du (Txintxurrenea). Horra hor Nafarroako arroilarik ederrenetako hiru, hirurak ere natura-erreserba izendatuak. Zintzurretako malkarretan, ugatzen, saien, sai zurien, belatzen eta belatz handien habiak ikusiko ditugu.
Hiru mendilerroetako magal gehienak oihanez jantzita daude. Era askotako oihanak dira, bertako espezie aunitzez osaturikoak, lurzoruak, erliebeak eta klima-baldintzak askotarikoak baitira. Ugarienak haritz ilaunduneko hariztiak dira, baina haritz kandugabeko baso interesgarriak ere badira. Pagadiekin batera, urkiak, haritzak eta haginak hazten dira. Artxugako mendilerroko, harkaiztietako eta mendi-zintzurretako lurzorurik gogorrenetan, berriz, barnealdeko artadiak daude. Baigura mendian, badira ezki-basoak, bai eta sakanetako baso mistoak ere, Nafarroan batere ugariak ez direnak. Halaber, Iratiren ibai-bazter batzuetako sahatsak, zumeak, zumarrak eta lizarrak aipatu behar dira. Horrez gain, mendiotako bi zuhaitz nabarmendu behar dira, biak ere ikusgarriak, bi-biak Monumentu Natural izendatuak, handi-handiak eta urtetsuak direlakoz: Ekiza baserriko ipurua eta Erralako erkametza.
Hemengoa bezalako hain oihan-masa zabal eta askotarikoan, bi okilek topatu dute bizilekua, baita babesa ere: okil beltzak eta okil gibelnabarrak, hain zuzen. Lehena Europako okilik handiena da. Bestea, berriz, galzorian dago Nafarroan. Beste oihan-hegazti aunitzentzat ere gozamen ederra da oihanotako lasaitasuna. Halaber, lurreko, uretako eta aireko ugaztun andanaren bizileku egokiak ere badira. Ugaztun lurtarretan, basakatuak eta muxarrak aipatu behar dira; urtarretan, bisoi europarrak, desman piriniotarrak eta igarabak; eta airekoetan, berriz, saguzarrak. Bisoi europarra, gaur egun, galzorian dago, arrisku larrian, eta desman piriniotarra gainbehera etorri da nabarmen bere banaketa-eremu guztian.
Oihanetatik kanpo, larreak, sasiak eta harkaiztiak aipatu behar dira. Bertan hazten diren landare batzuk nekez aurkituko ditugu Nafarroako beste leku batzuetan. Adibidez, isatsa, lore hori deigarria duena; beste bat, Saxífraga losae espeziea, harrien artean hazten dena; eta nartzisoak eta orkideak, belardien apaingarri. Baigura mendian, gainera, hainbat zohikaztegi daude, milaka urtean metaturiko landare-materialek osaturikoak. Zohikaztegietako goroldio gorrixka bat da deigarria, bai eta zohikaztegiko urkidiak ere, habitat hori arras bakana baita Nafarroan.


Artxugako Mendilerroan, Zarikieta eta Aretako mendietan ere ugariak dira onddoak ea zizak, era askotakoak, gainera. Hori dela eta, hainbat barruti sortu dira haien bilketa arautzeko. Gainerakoan, badira 16 ehiza-barruti, batez ere basurdea, oilagorra, orkatza eta usoa ehizatzeko. Usoa, jakina, usategietatik. Lehenago, egur eta zura gehiago ateratzen ziren oihanetatik. Gaur egun, erabilera hidraulikoa da inguruko aprobetxamendu nagusietako bat, erdian Itoizko urtegia baitago. 2004az geroztik, Irati eta Urrobi ibaietako ura biltzen du Nafarroako Ubidea hornitzeko.
Artzaintzak ere badirau, eta horri loturik, inguru hau zeharkatzen duten abelbideek ere bai: Milagrotik Aezkoara doan Errege Ardibideak eta Murillo del Fruitu eta Zaraitzu arteko Errege Ardibideak, zehazki. Artzaintza mantentzea (eskala txikiagoan bada ere) funtsezkoa da habitat horietan dabiltzan hegazti sarraskijaleen biziraupenerako. Halaber, T-9 esaten zaion “trabiesak” gurutzatzen du lurralde hau, aipatu ardibideen lokarri, eta “pasada” izeneko hiru abelbidek ere bai (P-32, P-38 eta P-45).
Araudia
- 45/2017 FORU DEKRETUA, maiatzaren 24koa
- Kudeaketa-plana: Diagnosis Plan de acción Indicadores
- Kartografia: Mapa de municipios Mapa de espacios Mapa de hábitats. Hoja 1 Mapa de hábitats. Hoja 2 Mapa de hábitats. Hoja 3 Mapa de hábitats. Hoja 4 Mapa de hábitats. Hoja 5 Mapa de hábitats. Hoja 6 Mapa de hábitats. Hoja 7 Mapa de zonas prioritarias
Argibideak
- Prentsa-oharra, 2017-5-24: Batasunaren garrantzizko lau leku kontserbazio bereziko eremu izendatu dira



