Leireko Medilerroa eta Arbaiungo Arriola
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztien Babesgune Berezia (HBB).
Gazteluberri, Ledea, Irunberri, Erromantzatua eta Esa.
8.895,51
800 - 1.355
Mediterraneoa
HHB 1990eko abendua; KEB, 2017ko uztaila
Arbaiungo Arroilako natura-erreserba (RN-16); La Piedra eta San Adrian labarrak natura-erreserba (RN-24); Irunberriko Arroilako natura-erreserba (RN-25)

Leireko Medilerroa eta Arbaiungo Arriola
Hegazti harraparien jabetzapeko lurra
Leireko Mendilerroan, izadia ahaltsua da benetan. Zaraitzu eta Irati ibaiek bi zintzur ikusgarri zizelkatu dituzte mendien artean, Arbaiun eta Irunberriko Arroilak, inork alimaleko bi aizkorakada jo izan balitu bezala. Horma malkartsu horiek hegazti harrapari aunitzen bizileku menderaezinak dira, baina haietako espezie asko mehatxupean daude.

Leire pirinio-aurreko lehen mendilerroa da, ekialdetik mendebaldera doan mendi luze eta malkartsua, paraleloa Nafarroa eta Huesca arteko Illongo mendilerroarekiko. Zaraitzu ibaia da lehena kareharriz eta hareharriz osaturiko horma hori hausten, mendi-zintzur ikaragarri baten bidez. Arbaiungo Arroila da, hots, 6 kilometroko zintzur ikusgarria, 300 metrora bitarteko hormez osatua, jendea zur eta lur uzteko modukoa. Arroila bere ederrean ikusi nahi badugu, onena da Isoko begiratokira joatea, Irunberri eta Ezkaroze arteko errepidean.
Handik beheitixeago, Iratik Zaraitzu ibaiko urak bildu ondoren, bi emariek bat eginik, Irunberriko Arroilaren bidez urratua dago mendia. Hori ere zintzur alimalea da, ikusgarria benetan, eta oinez egin daiteke barreneko bidean barna, desnibel zorabiagarriak miresteko. Oso hurbil, “La Piedra eta San Adrian labarrak” daude, higatutako irudi bitxiz eratuak, eder-ederrak ere bai, biak ere natura-erreserbak izendatuak.
Mendilerroan dabilen faunaren interesa Penintsulaz haratago doa, Europako sai arrea ugaltzeko gune nagusietako bat baita (477 bikote); gainera, sai zuriaren 16 lurralde daude, eta belatz handiak 5 bikote ditu. Harkaiztietako harrapari gehiago ere badira, hala nola arrano beltzak eta ugatzak; azken horrek, gainera, ugalketa-lurralde bat dauka. Horrez gain, sai zurien etzaleku garrantzitsu bat dago, eta miru gorriaren neguko etzaleku bat.
Bestalde, saiakerak egiten ari dira espezie arras delikatuak sartzeko, hala nola Bonelli arranoa (aztore-arranoa). Noizbehinka etortzen da harkaiztietara, eta habea egin izan du, duela gutxi arte. Orain, Hacking teknikaren bidez saiatzen ari dira sartzen; hau da, landa-hazkuntza kontrolatuaren bidez.


Landaretza ia birjina
Naturgune hau zabala da benetan, era askotako erliebeak daude, eta horren ondorioz, hainbat mikroklima sortu dira; ingurune bakoitzak bere landaretza du, askotarikoa eta trinkoa, ia ukitu gabe kontserbatu dena. Horrela, alde ospeletan, oparo hazten dira ezkiak, sakaneko baso mistoak, lizarrak, astigarrak, hurritzak, sahatsak, zugarrak, pagoak, hainbat haritz mota eta pinu gorriko pinudi naturalizatuak. Haien artean, arras goroldio bakana agertzen da: Buxbaumia viridis. Berokietan, aldiz, barnealdeko arteak eta erkametzak hazten dira, bai eta miterrez, txaparrez, ezpelez eta ipuruz osaturiko oihanpeak ere.
Leireko Mendilerroa, halaber, toki hauta da ehiztarientzat, sei barruti baitituzte basurdea, orkatza, usoa, birigarroak eta oilagorrak ehizatzeko.
Inguru honetan bagabiltza, Irunberriko Arroilen Interpretazio Zentroa ikustera joan beharra dago, naturguneak ederki ezagutzeko. Halaber, badira bidexka seinaleztatuak eta hainbat ibilbide hemengo mendietan barneratzeko:
- Erronkariarren Errege Ardibidea (GR-13), egun deskatalogatua
- SL herribidea, Leireko Monasteriora doan errepidearen abiaburutik hurbil abiatzen dena; edota SL NA 113 herribidea, Irunberriko Arroila alderik alde egiteko
Balizatu gabeko bidexkak ere badira, hala nola Peña Cornota, eta La Piedrako Zubi edo Arkuen ibilbidea, Irunberrin.
Zenbait tokitan, gainera, naturgunearen natur balioen berri ematen da: adibidez, Usunen, Arbaiungo Arroilako begiratokian eta Irunberriko bazkatokian.
Argibideak
- Nafarroako Turismo webgunea
- Prentsa-oharra, 2017-5-24: Batasunaren garrantzizko lau leku kontserbazio bereziko eremu izendatu dira


