Areta Ibaia

Informazioa/Mapa

Areta Ibaia

Informazioa
Mapa ikusi
Natura Sarea:

Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)

Udalerriak:

Erromantzatua, Urraulgoiti eta Urraulbeiti

Azalera (Ha):

349,56

Altitudea (m):

460 - 730

Bioeskualdea EB:

Mediterraneoa

Izendapen-data:

2015eko  abendua

Naturguneak babesteko beste figura batzuk:

Ugarrongo Arroilako lekune naturala (EN-2)

Areta Ibaia

Ibai txikien handitasuna


Areta ibaia eta haren ibaiadarrak Pirinioen aurreko ibarretan beheiti doaz Iratiren bila, eta ibilian, Ugarrongo mendi-zintzur ederra zizelkatu dute. Haltzadien eta ihien itzalpean, lasai ederrean dabiltza loinak, mazkar arantzadunak, bisoiak eta ur-zozoak ur garbiko ibilgu txikietan, airean burruntzi urdinek hegan egiten duten bitartean.

Igaraba jana ahoan duela Lander Goñi Irigoyen

Erremendia Aretako Mendietako gailurrik ekialdekoena da. Bada, Areta ibaia Erremendiko hegoaldeko hegalean sortzen da, hain zuzen ere. Handik beheiti, ibaiak estu-estu egiten du aitzina mendi-adarren artean. Aurrerago, Eparoztik Imirizaldura, uholde-lautada zabaldu egiten da, eta ibaiak meandro batzuk marraztu ditu sigi-saga; ondoren, ibilgua ederki mehartuko da Ugarrongo Arroilan. Azken tartean, Berroia herriaren parean, Iratiren ibar zabalean barneratzen da, meandro zabalak eginda, nekazaritza-alorrez inguraturik. Ez dira gutxi gero laborantza ekologikoari eskainitako lurrak.

Ibaia ia bere luzera osoan dago sarturik Areta Ibaia izeneko naturgunean, Elkoaztik (Urraulgoiti) Arripodas ingururaino (Urraulbeiti), baina  baita balio ekologiko handia duten inguruko zenbait erreka ere. Erreka batzuk eskuinaldetik lotzen zaizkio Aretari (Ariel eta Tejeriako errekak, eta El Rial erretena). Beste batzuek, berriz, zuzenean Iratin isurtzen dituzte urak (Argiroz erreka, kasu, eta erreka horretara doazen errekak ere bai: Iturrixiki, Abejar, Muru eta Euntzeburu). Naturguneak, gainera, kontserbazio bereziko hiru eremu ditu mugakide: Artxugako Mendilerroa, Zarikieta eta Aretako Mendiak; Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema, eta Ugarrako Mendilerroa.

Areta ibaia txikia da, Nafarroako ibai handiekin alderatuta. Bataz beste, 0,94m3/s-ko emaria dakar Berroian, baina gorabehera handiak izaten ditu urtarotik urtarora. Horrela, abendutik apirilera, ur handia dakar. Udan, aldiz, agorraldi luzea eta latza izaten du. Errekak idortu egiten dira uda partean.

Iratiren bila doala, urak bere ibilian zerrenda berde ia etengabe bat dauka bidelagun, oihanez eta aurre-oihanez osaturikoa; baso horiek guztiak aterpe ederra dira faunarentzat eta ibaia itzalpean uzten dute. Eparoztik gora, Pirinioen eragina nabari da, eta haritz ilaundunak eta pinu gorriak dira nagusi. Herri horretatik behera, berriz, erkameztiak eta barnealdeko artadiak hazten dira, alde mediterraneoetan ohi denez. Ibaiertzean, haltzadi ederrak daude, arras ongi kontserbatuak, baita era askotako landareak ere, legarren eta hondartzen artean bidea eginez edo sustraiak uretan eta lurzoru hezeetan hondoratuz: erreketako eta Areta ibaiaren beheko tarteko ihitokiak, ezpata-belardiak eta istingak, batzuk aipatze aldera.

Paisaia bereziki bitxia da Ugarrongo Arroilan. Ibaiak hegal malkartsuen artean egiten du aitzina. Sakontasunik gabeko ur horietan Epipactis palustris izeneko orkidea bitxiaren loreak azaleratu, ezpata-belarrak eta lezka hazi, eta istingak sortzen dira, hau da, landare-materialean aberatsak diren eremu zingiratsuak. Uretatik urrunago, ezkaiak, otaberak, ezpelak, abaritzak (txaparrak) eta barnealdeko arteak hazten dira oparo, ingurune mediterraneo bereizgarria osatuta. Harkaitzen artean, musker berdeak, suge leunak eta horma-sugandilak ibiltzen dira, eta ugatzek, sai zuriek, sai arreek, belatz handiek, hontz handiek eta belatxinga mokogorriek habiak egiten dituzte. Harkaiztiei horren lotuta ez dauden beste hegazti batzuk mendi-zintzurreko oihan eta sasien artean ezkutatzen dira: miru gorriak eta beltzak, eta arrano sugezaleak, adibidez.

GN & BIO.GAN-NIK
Horma-sugandila Eduardo Blanco Mendizábal

Arroila ez ezik, Areta ibai osoa eta inguruko errekak ere aterpe ederra dira faunarentzat, korridore handi bat osatzen baitute, oso egokia animaliak babesteko, kumeak hazteko, jateko eta barreiadura bideak aurkitzeko. Animalia horietako batzuk oso lotuta daude ur-inguruneei (loinak, mazkar arantzadunak, igarabak eta ur-zozoak); beste batzuk, ez horrenbestean (miruak, okilak…). Hegazti batzuk deigarriak dira bakanak direlako edo mehatxupean daudelako. Sakan eta erreka-zuloetan, adibidez, Coenagrium mercuriale izeneko sorgin-orratz txikia ikusiko dugu hegan; gorputz marradun urdina eta beltza du; maiz, erreka txikietan ibiltzen da. Uraren eta lehorraren artean, apoarmatu istilzalea, bertako karramarroa eta bisoi europarra bizi dira.

Ibaia eta haren inguruko izadia bere osoan ezagutze aldera, Ugarrongo Arroilaren inguruko bideetan ibiliko gara. Bi bide aipatuko ditugu: N-141 bidexkak Areta ibaiaren beheko tartea zeharkatzen du. Iratiren bide berdea, berriz, trenbide zahar bat da eta Areta ibaia gurutzatzen du ibaia Iratiri lotzen zaion tokitik hurbil. 

Argibideak

  • Prentsa-oharra, 2015-12-2: Gobernuak kontserbazio bereziko eremu izendatu ditu "Areta Ibaia" eta Artikutza" izeneko naturguneak.
Ziraina (Anguis fragilis) Eduardo Blanco Mendizábal
Image
Areta Ibaia GN & BIO.GAN-NIK
Image
Arrano beltza hegan Lander Goñi Irigoyen
Image