Kodesko Mendilerroa
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)
Aguilar Kodes, Azuelo, Cabredo, Esprontzeda, Genevilla, Lapoblacion, Marañon, Mendaza, Mirafuentes, Nazar, Torralba del Río eta Zúñiga
5.055,97
580 - 1.418
Mediterraneoa
2017ko maiatza
Peñalabejako natura-erreserba (RN-19)

Kodesko Mendilerroa
Harkaiztien eta arteen artean
Arabako mugan, zut altxatzen da Nafarroako mendikaterik mendebaldekoena: Kodesko Mendilerroa. Naturgune honetako magalak artadiz eta sastrakaz jantzita daude, eta harkaiztietan, berriz, batere arruntak ez diren loreak hazi, eta tximeleta apartak dabiltza hegan.

Egia esan, hainbat mendi-adarrek osatua da naturgunea. Mendebaldean, Lapoblacion herriaren iparraldeko mendilerroa dago, hau da, “El Castillo” esaten zaion mendi-adar txiki bat, Ega Garaiaren ibarra inguratzen duena; ipar-mendebaldean, berriz, Sierra Chiquita izenekoa, eta ekialdeko muturrean, azkenik, Kodesko Mendilerroa, eta hantxe, Ioar mendia da kaskorik garaiena, 1.421 metrokoa.
Multzo bitxi honetako malkar zorrotzetan ugari bizi dira sai arreak eta sai zuriak, belatz handiak eta arrano beltzak, hontz handiak eta belatxinga mokogorriak, eta haietan ere hazten dituzte kumeak. Gainera, harkaitzen artean dotore aritzen da hegaldaka leku honetako altxorrik handienetako bat: apolo tximeleta. Handia da, zuria, eta ozelo gorriak ditu, atzeko hegoak apaintzen dituzten zirkulu beltz batean kokatuak.
Horma horietan, bai eta bertako mendi-belardi urrietan, lore bitxiak hazten dira, Nafarroako beste leku batzuetan nekez ikusiko ditugunak, hala nola arroka-jostorratzak, mendiko kandelak, eta senecioa (Senecio carpetanus), hirurak ere galzorian, errespetatu eta zaindu beharrekoak.
Kodesko Mendilerroaren % 75 oihanez jantzia dago. Barnealdeko artadiak dira nagusi, interes handiko beste zuhaizti batzuekin batera. Arabako mugan, adibidez, Peñalabejako natura-erreserbako ameztiak hazten dira, hots, Penintsulako amezti kantauriarren artean ekialdekoenak. Tokirik garaienetan, pagadiak dira nagusi; ibar-zoletan, berriz, haritz ilaunduneko hariztiak, eta Ega bazterrean, haltza eta zumar ale ederrak. Halaber, ezkidiak eta baso mistoak aipatu behar dira, azken horiek sakanek, haginek eta gaztainadi barreiatuek osatutakoak.
Baltsak eta malkarrak
90eko hamarkadaren hasieran, Cabredon La Sota izeneko baltsa bat eraiki zen alorrak ureztatzeko. Uretan, eta caracea izeneko alga berdeek urpean osaturiko belardien artean, baso-igel jauzkariak aurkitu du bere lekua; neguan, enbor eta harrien artean ezkutatzen da; udan, berriz, istilez beteriko bazterrak ditu gogoko. Bertan dagoen behatoki txikitik, gainera, hamaika espezie ikus daitezke: txilinportak, koartza hauskarak, kopetazuriak eta beste hegazti-espezie batzuk, guztiek ere kumeak hezegunean hazten dituztenak. Pasa-garaian, halaber, ipar-ahateak eta beste hegazti migratzaile batzuk dabiltza.


Kodesko Mendilerroaren inguruan, ura hainbat tokitan dago; esate baterako, Camanal izeneko baltsan, 90eko urteetan Genevillan eraikia; Meanotik hurbileko hainbat hezegunetan, eta Ega ibaian, jakina. Ibai hori korridore ekologikoa da animalia-espezie askorentzat, hainbat naturgune elkarren artean lotzen dituelako: Ega ibaia-Berron (Araba), Kodesko Mendilerroa, Lokizko Mendilerroa eta Ega-Urederra Ibaiak. Besteak beste, martin arrantzalea, ur-zozoa, igaraba paleartikoa eta bisoi europarra dabiltza urgune horietan.
Ingurua kudeatzeko planak ezarritako araudiaren arabera, mendiotako naturguneak errespetuz gozatu behar dira, bai baltsak, bai Egaren ibaiertzak. Abentura-kirola ere egin daiteke bai Sierra Chiquitan, bai Lapoblaciongo malkarretan, bai Kodesko “kareharrizko orratzetan”.
Argibideak
- Prentsa-oharra, 2017-5-24: Batasunaren garrantzizko lau leku kontserbazio bereziko eremu izendatu dira



