Urbasa - Andia
Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)
Altsasu, Ameskoabarren, Arakil, Bakaiku, Deierri, Ergoiena, Etxarri-Aranatz, Irañeta, Iturmendi, Gesalatz, Lezaun, Olazti, Uharte-Arakil, Urdiain eta Ziordia, Ameskoako Hemendia, eta Andia eta Urbasa mendiak.
27.858
468 - 1.492
Atlantiko-mediterraneoa
20017ko urria
Urbasa-Andia Parke Naturala (PN-2)

Urbasa - Andia
Artzain eta ikazkin lurraldea
Urbasan eta Andian elkar topatzen dute Nafarroa atlantikoak eta mediterraneoak. Bi mendilerroak bi goi-ordoki dira. Bateko zein besteko hormetan hodeiak korapilatu, lainoak itsatsi, eta Kantauritik heldu diren euriak erortzen dira oparo. Ura ugari dabil kareharrizko mendigunearen baitan. Lur gaineko oihan, soilgune eta harkaiztietan, berriz, aspaldi-aspalditik bizi dira basa fauna eta azienda elkarrekin.

Duela 65 milioi urte, Urbasa eta Andia mendien egungo espazioa itsaspean zegoen. Ur haietan bizi ziren koral, krustazeo eta arrainak itsas hondoan metatu, uraren presioz trinkotu, eta egungo Parke Naturalaren lurzorua osatzen duen kareharria eratu zuten. Euri eta elur ugari egiten badu ere, ia ez dago muntako errekarik, ura arrail eta leizeetatik behera sartu, eta lurpeko akuiferoak sortzen baititu. Lur barneko ura iturburuetatik ateratzen da kanpora, eta horietako batzuk ikusgarriak dira zinez, hala nola Urederrakoa; arras txoko miresgarria da eta Urbasako hegoaldeko malkarrek osatzen duten harkaitz-anfiteatro izugarriaren oinetan dago. Iturburu hori natura-erreserba da.
Lurzoruaren ezaugarriek, erliebeak eta mugaldeko klimak eraginda, hiru landaretza mota daude: basoak, soilguneak eta harkaiztietako landaretza. Baso hostogalkorrak Urbasako leku gehienetan hazten dira. Andian, ordea, oso gutxi dira. Zuhaitzen artean, pagoa da nagusia, betiere astigarrek, ezkiek, lizarrek eta gorostiek lagunduta. Baso ertzak, berriz, elorri eta arkakaratsen habitatak dira. Parkeko baso-aberastasunean, bi zuhaitz dira nabarmentzekoak, biak ere Monumentu Natural izendatuak: batetik, Otsaportilloko Hagina, eta bestetik, Limitaciones Mendiko Pagoa, izugarri handia. Harkaiztietan hazten diren espezieek aurre egin behar diote bai eguzkiari, bai haizeari, bai lurzoruaren lehortasunari; batzuk interesgarriak dira, mehatxupean daudelako edo endemikoak direlako. Soilguneetan, aziendak jaten duen belarrarekin batera, elordiak eta ipuruak hazten dira.
Beraz, Parke Naturaleko habitatak era askotarikoak dira eta ongi kontserbaturik daude. Horri esker, fauna-espezieen kopurua oparoa da benetan. Hegaztietan, adibidez, ezin konta ahala espezie (miru gorria, okil ertaina, okil beltza, amilotxa, ugatza, etab.); 34 ugaztun mota (haien artean gutxienez zazpi saguzar-espezie dira nabarmentzekoak); eta 11 anfibio- eta narrasti-espezie. Hain zuzen ere, toki paregabea da anfibioentzat: hezeguneetan, baso-igel gorria bizi da, bai eta gailurretako uhandrea ere, betiere uhandre palmatuarekin eta beste batzuekin batera.
Gizakiaren aztarna
Gizakia duela 100.000 urtetik hona bizi izan da hemen. Paleolitoko ehiztarien ondotik, Neolitoko artzainak etorri ziren soilguneetara. Lehen artzain haiek harrizko monumentu misteriotsuak utzi zituzten: 14 trikuharri, hainbat harrespil eta hiru iruinarri.


Mendez mende, gauza askotarako erabili dira Urbasa eta Andia mendiak: zura eta egurra ateratzeko; egur-ikatza egiteko; azienda bazkatzera eramateko; ehizatzeko, eta basa-fruituak biltzeko. Erresumako lege zaharrekin bat, nafar guztiek dute azienda hara bazkatzera eramateko eskubidea, bai eta egurra egiteko eskubidea ere, oinarrizko beharrak asetzearren, betiere. Parke Naturala erabili eta kudeatzeko planak eskubide tradizionalak aitortu eta arautzen ditu.
Gaur egun, 40.000 bat azienda-buru aritzen dira bazkan uda partean, eta 2018az geroztik, ziurtagiri ekologikoa dute. Gehienak ardiak dira, baina behiak eta behorrak ere igotzen dira. Apirilaren 15etik abenduaren 15era bitarte dago baimendua. Dena den, inguruko herrietako azienda gutxi batzuek urte osoan bazkatzeko eskubidea dute.
Parkeak badu Harrera Etxea, Olaztiko errepidetik igota, bai eta ibilbide sare ederra ere, gaien arabera antolatuak.
Araudia
- 228/2007 FORU DEKRETUA, urriaren 8koa
- Kudeaketa-plana: Diagnosis Plan de acción Indicadores
- Kartografia: Mapas básicos Mapa de altitud
Argibideak
- Nafarroako Turismo webgunea
- Prentsa-oharra, 2017-10-08: "Urbasa eta Andia" izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu da





